Enare Muniategi
Enare Muniategi

2016-12-29

Zuri

Zuri

ZuriZuri. Bertso eskolatik jendaurrera irtetzeko beldur den horri. Bere burua foko azpian jartzeko kapaz ikusten ez duen horri.

Ez da erreza lehengo aldiz publikoaren aurrean mikro parean jarri eta bertsotan egitea, eta hau kontu jakina da; hala ere, kontu jakina izatetik, momentuan bizi eta sentitzen dugun horretara tarte handia egon daiteke. Eta egoera horretan egon nahi dugula jakin arren, benetan desio dugun zerbait bada ere, nahi eta ezina gainditu ezinean topatzen dugu gure burua sarritan. Hartu tarte txiki bat honi pare bat buelta emateko. Zein izan daiteke arrazoia? Beldurra al da? Baina beldurra zeri?

Gizarteak, hezkuntzak edota testuinguruak bikaintasunerako prestatzen gaitu edo hori du helburu; esaterako, umeek ahalik eta arinen ikastea ibiltzen, trabatu gabe eta oso azkar irakurtzea, onena izatea futbolean, azterketetan 10 lortzea, politena izatea… Pentsatzeko tartea hartu dugula aprobetxatuz, niri hau bururatu zait: nola izan ona edozertan aurretik txarto egin gabe? Ez al dira bertso txar asko bota behar bertso on bat bota aurretik? Jakina, aurretik egindako akatsak ezkutatzen saiatzen gara, hanka sartzea ez baitago onartuta. Baina, nork onartu behar du? Nik argi daukat. Gure muga gu geu gara askotan, uxatu ezin ditugun gure barruko mamuak izan ohi dira honen errudun.

Orain, pasa gaitezen pentsatzetik egitera. Jarri zaitez foko azpian, entzule finen aurrean eta sartu hanka barruraino. Egin poto, hankaluze, hankalabur eta ahaztu azkenengo puntua; sartu hanka trankil, ostean aterako dugu eta! Horrela baino ez da gainditzen beldurra. 

Zuri zein niri.

Zuri