Haritz Mujika
Haritz Mujika

2024-08-12

Zortziko txikia eta tiropitxoia

Zortziko txikia eta tiropitxoia –

Punta-puntako bertsolariak ez beste guztiak udan oporrak hartzeko moduan izaten dira. Auskalo nongo sozidadeek, gaztetxe okupatu berriek, kultur elkarteek eta sagardotegiek udazkenetik aurrera antolatzen dituzte beste bertsolarientzako plazak: Aiztondo elkartearen urteurrena, euskararen eguneko bertso saioa, kultur asteko bertso afaria… Denek izaten dute non kantatu orduan, ordainpean zein ordain gabean.

Uda garaia, ordea, aritzeko ez bada ere, aditzeko da ona. Gozagarria denentzat, bertsolari zein entzule. San Juan, San Pedro, San Fermin, Santa Marina… Berriz, Agurain, Altzo, Areso… Festa giroan beste inoiz ez bezala elkarbizitzen dira bertsoa eta zarata. Zortziko txikiaren zirtoa eta petardoen zartatekoa. Hamarreko handiko bakarkakoa eta elektrotxarangaren Aitormena. Puntutako saioa eta tiropitxoneko ugazabaren “Un tiro, un Euro. Cinco, cuatro Euros!”.

Zortziko txikia eta tiropitxoia
Arg: David al dia

Ekaineko azken astetik aurrera bertso eskoletako Whatsapp taldeetan festetako kartelen joan-etorria hasten da eta ez du etenik izaten iraileko hirugarren astera arte. “Gaur inor animatzen al da afari paxara bat egin eta bertso saioa entzutera?”. Eta bat ezpada beste, hona ezpada hara, beti izaten da plana, beti izaten da menua: solomoa gaztarekin, Iguaran, Ibarzabal eta Mendiluze; patata tortila, Arzallus, Martin, Iturriaga eta Amuriza; begetala petxugarekin, Lujanbio, Soto eta Loidisaletxe.

Galtzamotzak eta Birkenstock-ak soinean, itsasoko salitrea azalean, izardia besapean… Ederra bere horretan. Entzutera joateko hobea kantatzera joateko baino. Ez al da gainera norbera entzutera ere lasaiago eta erlaxatuago joaten? Inor eta ezer kritikatzeko beharrik gabe? Udazkenetan ez bezalako jarrera eraikitzaile eta esker onekoarekin?

Tenperaturagatik agian, lagunarteagatik, oporrengatik… Baina badute zerbait udako saioek besteek ez dutena. Besteek ez dutena eta bertsoa ez dena. Haurren ponpetak, buruhandien maskuri usaina, gaueko rock kontzertuko soinu proba, egurrezko aulki deserosoak… Ari denak agian ez du gauza bera pentsatuko baina tira…

Agenda beteta duzuenok, egin lan baina gehiegi estutu gabe; jornada murriztuan bazeundete bezala, gutxi gorabehera. Agenda huts-hutsik daukazuenok, berriz, egin jai! Gozatu besteez. Iritsiko da udazkena eta deituko dizuete, entzungo zaituztete eta arituko zarete. Eta horrela ez bada, segi entzule izaten udako belarri pare berarekin; eskuzabal eta baikor.

Zortziko txikia eta tiropitxoia