Haritz Mujika
Haritz Mujika

2024-01-15

Zorionak, aita!

Zorionak, aita! –

Sesenta y tresko urtarrilaren hamalauan jaio zen gure aita. Hirurogeita bat urte bete berri ditu, alegia. Orduan, amaren besoetan negarrez ariko zen, jaio berri-berri –Amaren besoetan diot, bere ama ez baitzen sekula gure amona izatera iritsi- eta ordutik aurrera, lau izango ziren etxean, arreba zaharrago bat ere bai baitu nire aitak –Izeba Mari Karmen, guretzat.

Bere aita ere ez zen nire aitona izatera iritsi. Berak hamahiru urte zituela hil zen Isidro. Herri kiroletarako eta erronkarako sena bere baitan izango zuen inondik ere; gure etxean dauden harri pisutsuak horren salatari. Apusturen bat egin ere egin omen zuen; galdu ere bai. Ez zion sekula bere semeari probako harri bati heltzen utzi -Hark ere apusturen bat egin eta galduko zuen beldur ote zen? Auskalo!.

Hirurogeita hamaseian hil zen Isidro –Por un derrame cerebral, medikuen arabera. Handik aurrera, ez zuten xamurra izango bizibidea aitak, nire izebak eta haien ama zenak. Esne partitzen egiten zuten lan, Hernanin: baserrietatik esnea bildu eta Txantxilla, Karabel, Liceaga eta auskalo nongo auzotako zein etxetan hura saltzen zuten, marmitan gehiago geratzen ez zen arte. Que viene el lechero! esaten omen zuten etxeetan haiek sumatzean.

Hamahiru urterekin jolaserako berandu eta ordainpeko lanerako garaiz zenez, harrikoa egin, marmitak garbitu, etxea txukundu eta eltze artean aritzera ohitu zen gure aita. Handik urte gutxira, berriz, bere ama jo zuen gaitzak. Orduan, bera eta bere arreba arduratu ziren haren zaintzaz baina zaintzak zaintza, nire aitak hogeita hiru urte zituenean hil zen hura ere. Gurasoak galtzeko garaiz, artean.

Hamahiru urte zituenetik bi emakumerekin bazkaldu eta afaltzen zuen egunero gure aitak. Bere etxean, amak gidatzen zuen furgoneta eta haren ardura ziren etxeko sosak. Berak otorduak prestatu eta marmitak garbitzen zituen arrebarekin batera. Eta harrikoa egin. Eta etxea txukundu, ama zena eta arreba ordainpeko lanera joan zitezen.

Azken urteetan, ordea, askotan korapilatu izan gara feminismoaz, aukera berdintasunaz, ardura banaketaz, kristalezko sabaiaz eta halakoez eztabaidan hastean. Aitaren Etxe gehienetan Hitzak ez, ekintzak! behar izaten diren heinean, gure aitarenean Ekintzak ez, hitzak! falta, nonbait. Diskurtsoa. Baina orain, etxetik urrundu naizen honetan konturatu naiz aitarekin giro onean igaro nitzakeen ordu mordoa zapuztu ditudala pentsamendu hipermodernoko jendartean onartuenak diren espitxak inposatu nahi izan dizkiodalako.

Beraz, hasteko, sentitzen dudala esan nahi nizuke eta besteko, Zorionak aita! Segi zurean beste hainbeste urtez, nire onetik ateratzen ninduten txiste txar zaharkituak kontatu, etxe barruko aukera berdintasuna bermatu eta arduren banaketa ezin justuagoa eginez. Uste dut ni nintzela zu ulertzen saiatu behar nuena.

P.D.: Aipatu gabe utzi ditudan osaba Jose Luis eta ama Karmeleri ere komeni barkamena eskatzea; nik baino hobeto dakizue zein leku dagokizuen lerro hauetan eta gure izeba-aiten istorioan. Zuek ezabatzea erabaki dut, ordea, epikotasun lirikoaren alde!

 

Zorionak, aita!

Zorionak, aita!