Haize Lekuona
Haize Lekuona

2023-09-11

Zitekeena

Zitekeena

 

Doinua: Nork bere mundu intimo

 

Biok gauden barku hon(e)tan

hasia da sartzen ura

(E)ta bota zara urera

batere (eg)in gabe duda

Hitzik gabe esan duzu

argi “gurea bukatu da”

Soilik nola bukatzen da

hasi ere ez den hura?

Zergatik zoaz ihesi

itsaso hartan barrura

Hitzez hitz esan ondoren

“zurekin nago gustura”?

Nola jasotzen dut orain

jada bota nu(e)n aingura?

(E)ta ze ba ezin dut maita

ni neu ez nauena gura?

 

Edozein harreman mota

bihur daiteke kaosa

(E)ta biok kaos izanik

fite amaitu da poza

Kontraesanez gainezka

bete baitzaizu ahotsa

Azaleratuz duzula

zalantzatia bihotza

Orduan ni maitatzera

ez zaitez gehi(ag)o bortsa

Nahiago baitut distantzia

ez eta laztan bat hotza

Oraindik darrai gureak

izaten zerbait lainotza

Gaitza bihurtu da gozo

eta gazi zure goxa

 

Oraindik ezin dut argi

deskribatu gu giñena

“Ezin” hori segur aski

dut orain nire kondena

Hasieran uste nuen

zinela aski gardena

Baina ezkutatu duzu

bene benetan zinena

Erle bat bezala zinen

lorez loretxo joan dena

(E)ta ez nintzen gai ikusten

agerian zen eztena

Nahiz nik noizbat ukan dudan

zerbait ginen sentipena

Lehen litekeena zena

bihurtu da zitekeena