2021-10-18
Zirtotik bertsora, bertsotik zirtora
Zirtotik bertsora, bertsotik zirtora –
Zirtoka aritzea, erantzun hoskideak, ziri edo esaldi errimatuak egitea omen bertsogintzaren aintzinpausua. Bertsotan nola irakatsi etengabe pentsatzen ari garen honetan zer pentsatua eman behar liguke. Bertsoikasgela.eus-en, eta orohar gure materialean hori da aurtengo berrikuntza nagusi: Zirtoari bere garrantzia ematea.
Goizuetan ikasitakoak dira:
Bedetzik, gure behiak jetzik
Hamarrak, gure behian adarrak.
Hamaikak, gure zerrin lukainkak (hau agian norbaitek gehitua)
Bertso mundu honetan gabiltzan denok ezagutuko dugu norbait bere egunerokoan horrela solasteko ohitura duenik. Erdoitako Julianek adibidez hitzetik hortzera darabilzki. Errimaren estetika, errimatzearen plazerra, errimatzearen umorea bere oinarrian.
Bat bat bat parrandan ibili bart! (eta ez bart parrandan ibili!!)
Bi bi bi ez naiz ondo ibili
hiru hiru hiru kolkoa bete diru
lau lau lau sardina bakalau!
Hauek izan daitezke zirtorik ezagunenak. Azken hauek guk doinuarekin abesten ditugun arren, zirtoak eta bertsoak duen desberdintasun nagusia doinua dela erranen nuke. Doinua, melodia, kantua, airea (eta ez erritmoa!)
Nik, pertsonalki, bertsoaren estetika doinuarekin hagitz loturik sentitzen dut baina agian errimatzearen plazerrean ere arreta jarri behar genuke. Bertsoaren ikasprozesuaren hasieran erabiltzen ari garen ariketa gehienekin: puntua + oina, 2 oinak, oina + puntua… Errimatu ez bertze guzia eginarazten diegu ikasleei. Beraz hori orekatze aldera zirtolari aritzea ariketa polita izan daiteke. Errima bilatzearen eta batez ere aurkitzean sentitzen den asebetetze horren esperientzia bideratzea litzateke gure lana.
Bertzela gerta daiteke, gertatzen da eta gertatuko da, bertso eskolan urteak daramatzan ikasleak, bertsotan ari dela bertsoaren erdian, errimak irakasleari eskatzea. Beno, doinuarekin ere gertatzen al da hori. Ariketa edo gaia jarri eta doinu eske etortzearena…
Ziri hoskidea! hori al da bidea
Errima, bertsoaren arima!
Horri buruz hurrengoan! Azaroan, doinua izanen dut gogoan!