Enare Muniategi
Enare Muniategi

2016-11-28

Zilekoa

Zilekoa

Elkarrekin hasi ginen hiruzpalau neska bertso eskolan baina urteek aurrera egin ahala batek utzi, gero beste batek…Eta horrela, gaurdaino. Azken hiru bat urteetan ni bakarrik egon naiz horrenbeste maite dudan mutil kuadrillarekin bertsotan. Ez dut esan nahi ez nagoenik ondo, are gehiago, gustu-gustura nago; horrela bada ere, ezin ukatu: ohitu arte bertso eskolan beste neska bat egotearekin egiten nuen amets. Baina, behar nuena ez zen neska bat bertso eskolan, nesken bertso eskola baino; alegia, Zilekoa.

Orain hilabete konturatu naiz honetaz Mirenek eta Oihanak Larrabetzun batzeko deia egin zutenean. Eta denok egongo zarete pentsatzen, “Zer da Zilekoa?” Bada, Bizkaiko neska bertsolariak batzeko lekua da, talde izaera sortzeko lekua, barruan dugun hori azaleratzeko lekua, kantatzeko lekua eta elkarbanatzeko lekua da. Horrez gain, elkarri kontuak kontatzeko lekua ere bada, lantzean behin batu eta kanpoko pertsona batek landutako gaiei buruz iritzia emateko lekua, barre egiteko lekua eta gustura egoteko lekua da. Labur esanda, eman ahala jasotzeko lekua da Zilekoa eta denontzako lekua dago.

zilekoa