2018-04-23
Zilborraz beste
Zilborraz beste –
Zilborra da gure lehen burujabetza ariketaren orbaina. Lehen aldiz gure kabuz arnasa hartzen hastean, gure kabuz elikatzen hastean erori zitzaigun zilbor-hestea eta geroztik sabel erdialdean daramagu zulotxoa edo kozkortxoa. Dugunik ere ahaztuta ibiltzen gara bizitzan, eta aldi berean, horri begira egiten dugu bizimodua.
Norbere zilborra zabaltzeko ariketa bikaina da bertsogintza; etengabe besteren egoera edo pentsamenduari lotzen gaituen hari bat marraztea eskatzen du hasteko, norberetik elikatuz. Gainera, plazak ere norbere zilborrari fokua eskaini arren, besteen zilborretara begira jartzera behartzen gaitu: gure gustuko txisteak besteentzat graziarik ez duenean, edo guretzat izugarri garrantzitsua dena inori inporta ez zaionean, edo besteentzat azken asteetako albistea denaz zipitzik ez dakigunean … zilborraren marjinak lausotu egiten dira.
Zilborra zabaltzeak ez du esan nahi, gurea besteen eremuetara zabaltzea soilik; baizik besteen errealitateak gure zilborraren parte egitea, gure egitea. Etengabeko enpatia ariketa bat da bertso saio bat eta errealitate desberdin asko ezagutzeko parada eskaintzen dio begirada bere ziletik altxatzen duenari.
Beste kasu batzuetan, guk hala nahi gabe erantsi dizkiguten zilbor-heste edo kateak detektatzen laguntzen du plazak. Esaterako, bertsolari gazteentzako saio batean ahoskatzen dituzun hitz asko euskara perfektua duten gazteei arrotzak zaizkienean, hestea okerreko gorputzetik elikatzen ari den seinale. Gure erreferentziak gauden une eta tokira egokitzera behartzen gaitu, grabitate zentroa birpentsatzera eta zilborrari neurria hartzera.
Onar dezagun batzuetan kosta egiten zaigula ulertzea eguzkia ez dela gure zilborraren inguruan mugitzen. Normalean, itzalei esker ohartzen gara. Besteak beste, bertsolaritzak erakutsi dit mundu oso bat, eta are, mundu oso asko daudela gure zilborraz beste. Horregatik komeni zaigu tarteka gure zilborraz heste egitea elkarrengana lotzeko eta gure zilborraz beste egitea, besteenetik elikatzeko.