2017-08-10
Zikloak
Zikloak –
Doinuak: Jardin bat zuretzat
1.Zenbat naturopata,
emagin, mediku,
zenbat liburu, zenbat
blogari aditu…
Zuekin sekretu bat
nahi dut konpartitu
norbaitek benetan nahi
banau deskubritu
nigan lau Ane behintzat
aurkituko ditu.
2. Zer esango dizue
Ane sensibleak?
Mimo eske erotu
ohi ditu kideak…
Bere baitan bilduta
barrurantz bideak
lehen fasean dira
efemerideak
odolez zikinduta
dauden maindireak.
3.Obulatzen hastear
faltan metodoa
bigarren Ane hau da
sortzaile zoroa
energiaz gainezka
tente, harro doa
bat-batean bihurtzen
da omniboroa
sentitzen du mundua
jateko gogoa.
4.Indarra galduko du
lehen ahaldunduak
goxotasunez ditu
ertzak leunduak
hirugarren faseko
Ane bigunduak
urte bilakatuko
ditu segunduak
obulatzen hastean
jango du munduak.
5.Bordetik asko daukan
Ane premenstruala
izan ohi da erretxin
ta antisoziala
ez da boteretsua,
ez da “femme fatal”-a,
handiegia zaio
maiz mundu globala
sentitzen baita globo
arrain bat bezala.
6.Lau faseak bereizi
ditut neurekiko
urtaroen modura
erdi poetiko…
Hogeita zortzi egun
hain eskematiko
horrela bizi ditut
ta ditut biziko
hilero hain ezberdin
baina hain zikliko.