Ane Labaka
Ane Labaka

2018-09-07

Ziaboga

Ziaboga –

Doinua: Haizea dator ifarraldetik

Ziaboga
Argazkia: Berria. Juan Carlos Ruiz. Argazki Press

 

1.- Koloretako zortzi traineruk
aldatzean itsas fauna
olatu artean ikus daiteke
estropuen amarauna.
Nahiz bietan den ohorezko txanda
sufrimenduz bizirauna
nahiz ta sariak berdindu diren;
bientzat hogeita launa.
Protagonistak batzuk direnez
jaun eta jabe, bai jauna!
beste behin ere gizartearen
isla izango da arrauna.

2.- “Erdia soilik egiten dute”,
“Galdu ohi dute denbora”,
“Urterik urte hobetu arren,
eskasagoa da froga”…
Aurreiritziak behingoz botako
al ditugu itsasora?
Ordutegiak zalantzan jarriz
tradizioak hondora?
Batzuk hain gertu ikusten duten
azkenengo ziaboga
oraindik orain itsas milia
dezente urrunago da.

3.- “Andrea ez da maiz lehiakorra”
esaten badu inkestak
gure kasuan pisu erdia
du sakrifizio extrak.
Nahiz ta lekua izan baduen
aldarri eta protestak
igande goizez behingoagatik
albora ditzagun kezkak.
Zuen izerdi usaina dauka
tostaren gaineko festak…
Gu zuen alde gaude; gozatu
ta eman egurra neskak!

Ziaboga