2023-02-27
Zerbitzari baten partez
Zerbitzari baten partez –
Doinua: Motibo bat nigana dago etorria
Asteburua luze
xamar itxaronda
Ostatuko goxoa
nola ezta on ba!
Pintxopote, musika,
zuritoen ronda
bizi duenarentzat:
plazerezko bonba!
Baina nola bizi da
lanean egonda?
Trago bat zein atsalde
partez bi ebaki
Berdin da ze tenore,
berdin ze aitzaki
Sarri gara taberna
zuloko izaki
Ta eskaini nahi dizkiot
hainbat bertso zati
Ni gisa zerbitzari
aritzen den bati
“Ei rubia” edo “kañak
falta du espuma!”
“Txit! Egin irri pixkat,
ze kopetiluna!”
Holakorikan aunitz
daukagu entzuna
Ta batzutan zalantza
sartzen zait laguna:
Inork baloratzen dun
egiten duguna
Ordaintzean laztandu
ilea, sorbalda
“Lasai, mozkorra dago,
ez zaitez asalda,
trago batekin ero,
ta aho zabal ba…”
Nahiz ta nire burua
halakoez salba
Alkoholarekin dena
bidezkotzen al da?
Ixterako orduak
badu nahiko pisu
Jendea joan dadin
hamaika abisu
Zergatik ote zaude
bezero jakintsu?
Goizeko lau t’erditan
ostatuan itsu…
Nik ongi dakit baina
zuk ba al dakizu?
Nekea astez nola
gainera erori…
Zuen aterabide
trago bat edo bi
Oroitzea komeni
zaizue askori
Ni egiten ari naiz
ahal bezain ongi
Astegunetan gogor
egin zaizun hori
Ikasle zein langile
bi gauzen tratuan
Batzuetan ez dago
norbere hautuan…
Dirua eduki nahi
badugu bankuan
lan egitea dago
gazteon patuan
Gusturago nengoke
zu zauden lekuan!
Hau ez da errieta
haserre bizitan
Soilik barrua hustu
nahi nuen egitan
Bezeroa bazara
barran, afaritan…
Murgildu antzin keinu
eta hitz handitan,
Hurrengoan pentsatu
zazu bi alditan!
2023.02.23