Enare Muniategi
Enare Muniategi

2020-04-30

Zer esanik ez

Zer esanik ez –

Etxeko leihotik begira pentsamendu hau izan dut: desorekan daude esandakoak eta esan gabe geratu direnak. Ez pentsa burua joan zaidanik, hemen azalpena.

Zer esanik ezBertsotan egiten dudala esan dudanean, edo nire koadrilakoak juergan “bota bertso bat!”-ka hasi izan direnean eta gero inguruko ezezagunei azalpenak eman behar izan dizkiedanean, askotan galdetu izan didate “Zelan egiten duzu?”, “Baina, hori ezin da ikasi, ezta? Berezkoa da” edota top 10ean lehenengo postuan dagoen galdera: “Esateko ezer ez duzunean, zer?”.

Galdera hori entzun ostean nire pentsamenduaren zati batek beti pentsatzen du jai giroan horrelako galderak egitea baino plan hoberik ez duen norbaitek beti duela zer edo zer esateko, munduko astakeriarik handiena bada ere, eta beraz, oraindik ez dut ulertu honek sortzen duen interesa. Ez bertsoarekiko interesa, baina bai publiko aurrean isilik gelditzeak sortzen duen beldurra edo zer esanik ez izateak eman dezakeen itxurak sortzen duen bertigoarekiko interesa.

Baina, nire pentsamenduaren beste zatiak esan ohi dit: baina, begira unibertsitatean, lanean, zein lagunen artean zenbat ez diren gai ezezagunen aurrean hitz egiteko zer esan ez izatearen beldurragatik. Edo zer esana duten arren aukeratutako hitzak egokiak izango ez direlakoan, edo jendea ados egon ez eta kontra egingo dioten beldur.

Bertsora bueltatuz, gerta daiteke gairen bat ez ezagutzea, edo ezagutu bai baina, “ñe”… eta kantuan hasi aurreko hiru segundo horiek banatu behar izatea, bat eta erdi pentsatzeko “ez dakit zer esan” edo “kaka ez dakit zertaz ari den”, eta beste segundo t´erdia esango duzuna pentsatzeko. Berez, oso plan txarra da denbora horrela banatzea.

Baina bueno, ez da arazoa noiz edo noiz zurian geratzea, zer esanik ez izatea, edo ezer esan gabe bertsoa goitik behera osatzea (izango dira egun hobeak). Ostera, arazo handia da gure inguruko jendeak pentsatu bako hainbeste gauza esatea, eta burubakoek zer esango duten horren beldurrez beste ideia brillante asko isilpean geratzea. Nire etxeko leihotik argi ikusten da desoreka.

Zer esanik ez