Aissa Intxausti
Aissa Intxausti

2023-04-03

Zer egiten dut nik hemen?

Zer egiten dut nik hemen? –

Zergatik jarraitzen dut bertso-munduan? Ez dakit galdera horri erantzuten dakidan. Erantzun potolo asko okurritu arren, zergatik jarraitzen dut nik hemen?

 

Zer egiten dut nik hemen?

 

Asteburua iritsi eta Lekeitio-Bilbo-Villabona-Ordizia-Lekeitio egin beharrean, ez al nengoke  hobeto Lekeition bertan, lagunekin planen bat eginda?

Egiari zor, antolatzaile batek deitu eta bertso-afari bat proposatzen didanean, etxetik 100 km-ra, kuadrillako afaria neukan egun berean, nahiz eta gogoa piztu, nagi pixkat ere sentitzen dut. Hala ere, X-ekin kantatuko dudala esan orduko motibatzen naiz. Ez dakit bertsotik zerk erakartzen nauen, baina jendea ezinbesteko faktorea da seguru.

Bertsoa saio batean gertatzen dena baino askoz gehiago delako jarraitzen dut hemen. Bertsoa saio aurreko kafea da, baita saio osteko parranda ere. Bertsoa entrenatu eta geroko afariak dira, eta saio ondorengo negar partekatuak. Bertsoa zerbait entzun edo esan nahi izatea da, ahotsa izan edo ahots ezberdinak entzun nahi izatea: harritu gaitzaten desio izatea. Bertsoa urtean bost aldiz ikusten dituzun ezagunak dira, baita intimo egin diren lagunak ere. Bertsoa asteazken buruzuri batean nire etxera kantatzera datorren jendea da, eta txapelketa garaian astero ikusten dituzun horiek. Bertsoa ahalduntze bertso-eskola da, eta, batez ere, ostean egiten ditugun bazkariak. Bertsoa astelehenetan lanera begizuloekin joatea da, eta agendan hurrengo bi hilabeteetako asteburuak beteta izatea. Bertso-lige, bertso-parranda, bertso-egun, bertso-lagun… horiek eta gehiago da bertsoa.

Ez dakit doinudun mezu neurtu, errimatu eta kantatua soilik balitz, oraindik hemen nengokeen. Ez gaizki ulertu, asko gustatzen zait bertsotan egitea, bertsoak aditzea, bertsoekin jolastea… eta agian bestela ere hemen nengoke (ziur aski bai, friki batzuk gara), baina oraindik negakarriagoa litzateke.

Ez nazazue akatu, baina behin baino gehiagotan egon naiz saioa noiz bukatuko zain, gero zetorren planerako irrikitan nengoelako.

Hasierako galderari erantzun bat bilatu nahian ideien zurrunbiloan galdu arren, agian ez nago horregatik guztiagatik hemen. Inertzia hutsagatik eta ezetz esaten ez jakiteagatik nago akaso. Batek daki. Baina zer egingo nuke nik bestela?

Zer egiten dut nik hemen?