Manex Agirre
Manex Agirre

2022-11-14

Zer daramagu aldean?

Zer daramagu aldean? –

Hayao MiyazakirenChihiroren Bidaia” film zoragarriko nire eszena kuttuna hitzetan etzaten saiatuko naiz, hurrengo lerrootan. Chihiro, denak kontatuz gero luzeegi joko lukeen hainbat egoera medio, jainkoak, munstro fantastikoak eta era guztietako izakiak bezero dituen bainuetxe batean hasi berri da lanean. Bere lehenengo bezeroa egokitu berri  diote: oinez doan heinean, lokatz eta zerrikeria arrasto itzelak bidean uzten dituen masa zikin ustel erraldoi bat. Bainuetxean sartzen ari delarik, kanpoko lorategiko landaredia zimeldu du, usainarekin bakarrik. Bidea libre utzi diote, inor zikinkeriaren azpian harrapa ez dezan. Sartu da, Chihiroren erreguei segika, bainuontzian. Nola garbitu halako zerbait? Ahal duena egiten ari dela, hara non, zerbait topatu duen trabatuta, kaka-multzoaren erdian: bizikleta baten eskuleku bat dirudi. Tiraka hasi  da. Laguntza eskatu du. Soka bat lotu, eta hainbaten artean indar eginda, bizikleta batez gain, bainu-areto osoa betetzeko beste traste lohi atera dira, turrustan. Eta, erdi erdian, garbi garbi, jainko txiki bat azaldu da, hegan alde egin duena, Chihirori eta gainerakoei eskerrak emanez.

Zer daramagu aldean?

Izan lokatza (konparaketarako eszena erabilgarri bat besterik ez zen, ez dezala inork modu literalean hartu), izan bestelako kapa-sorta: bertsolariak berarekin daraman bilkariaz aritzeko gogoa ekarri dit Beñat Lizasok plazari egindako agurrak. Abizena, pisu eta baldintza, bere kasuan. Galdetu beste edozeini, eta bere zama partikularrak zerrendatuko dizkizu: lurralde-jatorria, generoa, adina, bertsotarako estiloa, azken txapelketako postua. Bi ahoko aiztoa: arrazoi horiengatik izan daiteke bertsolaria saio batera gonbidatua (inori ez diote saio baterako deitzen jainko txiki aratz bat delako, normala den bezala), eta ondo dago hori. Baina zer gertatzen da arrazoi horiek ondoren, kanturako, baldintza gertatzen badira?

Izan ere, zerk arautzen du bertso-merkatua? Oi, galdera. Feminismoa izan da bertsolariok, saio batera gonbidatuak garenean, gurekin daramagun bilkariaren esanahia zehatzen aletu duena. Gorputza, ahotsa, jarrera, egoteko modua. Beraz, hala dagokigula onartuta, kantuan hasi aurretik  (eta osoki egitea ezinezkoa dela onartuta), ez ote genuke gure lokatz-estalkia gainetik kentzen saiatu behar, guk geuk, egiten duguna (sortzen duguna) gehiegi baldintzatu ez dezan?

Zer daramagu aldean?