Enare Muniategi
Enare Muniategi

2019-01-07

Zer dakar urte berriak?

Zer dakar urte berriak? –

Aurreko baten idatzi nuen gutxi hitz egiten dugula bertso eskolako lagunekin gure sentimenduen, gure asmoen zein egunerokotasuneko kontuen inguruan. Eta garai honetan, erdi oporretan egonda, eta Txapelketako zurrunbiloa guztiz pasatuta dagoen garai honetan, hitz egiteko eta hausnartzeko tartea hartzea erabaki dut.

Zer dakar urte berriak?Honen harira, galdera bat egitea pentsatu nuen, “Bertsoari dagokionez, zer asmo duzu 2019rako?”, ez dakit galdera (galdera batere original hau) egokia den edo hausnarketara bideratzen duen norbera, baina, egin, egin diet.

Maitek (17 urte) azaldu duenez: “2019an, bertsoari dagokionez ahalik eta gehien ikasten jarraituko dut. Gainera, ikasitako apur hori erakustea gustatuko litzaidake, besteren batek zerbait jaso dezakeela pentsatuz. Plazei dagokienez, pare bat proposamen bota dizkidate 2019rako, beraz, aukerak suertatu ala nik ere lekutxo bat eduki nahiko nuke oholtzan. Azkenik, astelehenero, martitzenero eta barikuro bertso eskolara joaten jarraitu gurako nuke, besterik ez bada bertsoak entzutera, horixe baita nire asteroko terapia. Baina denaren gainetik, kontu kantari jarraitu nahiko nuke, doinu alaiz eta errimatuz!”

Ibaiek (25 urte), ostera, labur baina argi erantzun du: “Datorrena datorrela, gogoz ibiltzea eta ilusioa mantentzea espero dut; entrenatzen, kantetan, ikusten lagunek, etab. jarraituz”

Beste alde batetik, Lurdesek (21 urte) horrela dio: “2019an bertsotan ondo pasatzeko gogoa dut. Iaz txapelketa zela eta nahiko serio eta tentsiopean ibili ginen, sarritan bertsoarekin zerikusirik ez duten gauzengatik. Aurten halako sasoietan egin ezin diren gauzak egitea pentsatu dut: doinuak ikasi, ariketa eta gai zehatzak landu… ahalik eta gehien bildu kantatzeko eta ondo pasatu!”

Garazik (20 urte): “Bada, astero inguruko batzuekin batu eta bertsotan segitzea, eta neure buruari neurria hartzea. Eta datozen plazak hartuko ditut (eta pozik) momentuz, baina neurria hartu ahala ikusi nahi dut ia benetan jende aurrean kantatu nahi dudan ala ez, eta segitzea erabakiz gero, nire aurtengo helburua da lasaiago hartzen ikastea. Hau da, saio txar bat egiteak nigan (emozionalki, autoestiman…) daukan eragina minimizatzea. Motzean, erabakiren bat nahi dut hartu: edo aurrera edo atzera! Eta espero aurrera izatea, baina ikusiko da…”.

Azkenik, Mikelek (25 urte): “Aurten nire asmoa zale edo entzule paperetik bertsoaz gozatzea da. Betiere bertso eskolako dosia falta ez zaidan bitartean, lagunekin kantatu, barruko denak askatzeko, etab. asko gozatzen baitut bertsotan. Baina esan bezala, aurten entzule paperetik aritu eta ahalik eta saio gehienetara joango naiz.”

Galdera ez-originalaren erantzunak jaso ostean, neuk ere gaiari pare bat buelta eman behar nizkiokeela erabaki dut. Beraz, nire koadernoaren aurrean jarri eta zerrendatu egin ditut nire asmoak: “1. Datorrena datorrela, hartu eta gozatu”. Lehenengoa idatzi eta jarraian damutu naiz, loteriarekin ere zerbait helduko zelakoan egon naiz eta…. ezer ere ez. Argi dago, ezer ez dator zerutik, ezer ere ez da berez egiten, eta 2019ak ere ez dakar ezer guk geuk zer edo zer egin ezean.

Zer dakar urte berriak?
Zer dakar urte berriak?