Enare Muniategi
Enare Muniategi

2022-10-04

Zelan?

Zelan? –

Puntu erantzunak, hiztegi bako definizio bat idaztearren: gehiegi pentsatu gabe, datorrenarekin, eta datorren moduan datorrela erantzun beharreko galderak.

 

Zelan?

 

Denok jartzen gaitu apur bat tentso galderak, zelan egongo da formulatuta, errima niretzat erreza izango ote da, eta behin galdera entzunda, arnasa hartu eta zer edo zer erantzun behar. Baina, zelan erantzun? Okurritu zaiguna gorde eta beste zerbait kantatzen dugu batzuetan, idea azkenean esateko, askotan trabestu eta pentsatutakoa ere ez dugu kantatzen. Beste askotan, hasieratik aldrebes hasi eta erantzundakoak zentzua galtzen du.

Pentsatzen hasia nago puntu erantzunak bizitzako metafora bat baino ez direla. Jendearekin dugun harremana horrelakoa da batzuetan. Kaletik hilean behin topatu eta “Zelan?” galderari erantzuteko segundo bi izaten ditugu, benetan txarto gaudela ez erantzutearren edo gertatu zaigun hori ez kontatzearren, “Ederto, betiko martxan” erantzuten dugu. Eta egitik urrun egon daiteke erantzuna, lanez aldatu, etxean obrak, bikotearekin bronka, kuadrillakoak euren artean haserre. Baina, bueno, ez dugu zertan dena kontatu eta guk pentsatzen dugu zelan erantzun. Pasotik irtetzea nahikoa izaten da batzuetan, hurrengo hilera arte bestea ikusiko ez duzunean.

Dena den “Zelan?” horretarako izan dezakegu galdetzeko eta erantzuteko modu bat, erantzun bat segun eta norekin gauden, etxekoekin modu baten erantzun genezake, edo birritan erantzun. Imajinatu saio baten gai-jartzaileari esatea “Jarri berriro puntua, beste zerbait erantzutea pentsatu dut eta”. Lagun jakin batzuekin gaudenean, ez erantzutea aukera bat da, edo zintzo eta barruak husteko erantzuna ematea ere zilegi da. Beno, eta galdetzeari buruz zer esan, batzuetan gu gara puntua jartzen ari den gai-jartzailea, eta izan daiteke besteak gustora erantzutea, galdetu izana eskertzea, edo izan daiteke ez garela konturatzen bestea presaka dabilela, ez dagoela erantzuteko prest, erantzutearren dabilela erantzuten, gauza bat erantzun nahi eta esaldiak trabestu egin zaizkiola. Ez gara konturatzen eta ez dugu jakiten, alde baten zein bestean, zelan egin ondo.

Laburbilduz, gehiegi pentsatu gabe, eta datorrenarekin aurrera.

Zelan?