Felix Zubia
Felix Zubia

2021-10-14

Zarauzko aguazilak

Zarauzko aguazilak –

Doinua: esne saltzailearena

 

 

Orain berrogei urte

Gure herri hontan (bis),

Aguazilak zebiltzan,

Kaleetan, auzotan.

Gehienetan gustora,

Gutxitan borrokan,

Xelebreak dezente,

Hartzeko ahotan,

Kontatuko dizuet

Guztia bertsotan (bis).

 

Ezagun genituen,

Gu haien etxeko (bis),

Egun on, Mari Asun,

Adio, Ernesto.

Txilipitoa eta

Errieta tarteko,

Arazoak konponduz

Guztiak kontento,

Latza egin behar zen

Isuna jartzeko (bis).

 

 

 

Oso gogoan daukat,

Ez horren txikitan (bis),

Zarauzko lehen top-less-a,

Ia dena bistan.

Aitonak begiluze,

Amonak erritan,

Bi aguazil azaldu

Ziren izerditan,

Azkar tapatu eta

Joateko handikan (bis).

 

Bat purua hartuta

Esnatu orduko (bis),

Hamaiketan zen plazan

Zintzo azalduko.

Etxeko erosketak

Egin eta punto,

Karteristak urrunduz

Zaindari moduko,

Andrearena behintzat

Ez zuten ostuko (bis).

 

Beste bat ibiltzen zen

Portuan gustora (bis),

Arrantzarako hartuz

Laneko denbora.  

Pota bat harrapatu,

Nolako mejora,

Zer gertatu zitzaion

Nahi nuke gogora,

Ederki belztu zion

Bere alkandora (bis).

 

Txikiteo zalea

Zen hirugarrena (bis),

Uniformearekin

Tabernaz taberna.

Lanik irteten bazen

Zer nolako pena.

Kotxe bat gaizki dago,

A,i txofer alaena,

Mugituko zuen, bai,

Ahal zen azkarrena (bis).

 

Gero etorri ziren

Sirenak, Arkaute, (bis)

Lana eta aisia

Uzteko aparte.

Lehen aguazil zena

Egin zen agente,

Garai berriek beti

Horixe dakarte,

Baina lehengo xarmarik

Behintzat ez daukate (bis).

Zarauzko aguazilak