2017-04-11
Zaldun bakartiak
Zaldun bakartiak –
Badira ofizioka egiteko bi modu (gutxienez). Bata, betikoa, bertso eskolan irakatsi zigutena: gaia entzun, ideia bat pentsatu, bertsoa bota, kantu-kideari entzun eta hurrengo bertsoan ondokoak esandakoari erantzutea. Bestea, zaldun bakartiena: gaia entzun, ideia pentsatu, bertsoa bota eta hurrengo bertsoan kantu-kideak bota duenari erreparatu barik lehendik ere buruan erabilitako ideia botatzea.
Bizitzan berdin. Badira lagun erantzuleak: ideia bat bota, zure “bertsoa” enpatiaz entzun eta hariari segitzen diotenak, erantzuten diozun horri arreta jarri eta galdera eta komentarioak egiten dizkizutenak, baita arazo bat duzunean ofiziokako paper zentrala zuri uzten dizutenak ere. Baina badira zaldun bakartiak ere: berba egiten ari zarenean euren hurrengo bertsoa pentsatzen ari direla nabaritzen zaienak, esateko dutena hain garrantzitsua dela pentsaturik zurea zaborretara botatzen dutenak, bertsoaldia zure azken puntuko ideiarekin hasi eta berehala euren terrenora eramaten dutenak, erdi konpromisoz galdetzen dizutenak zerbait eurek buruan darabiltena botatzea izanik helburu bakar.
Egia esan, nahiagoko nuke zaldun bakartiak etengabe bakarkako lanean ariko balira (edo kartzelakoan hobeto), besteok aulkitik altxarazi eta listua alperrik gastarazten ibiltzea baino.