Enare Muniategi
Enare Muniategi

2019-06-03

Zaila da irabaztea

Zaila da irabaztea –

Ze erreza den galtzea. “Badakit hobeto egiten” esan eta listo, edo “besteak askoz ere hobeak dira” eta punto. Baina horretan babestea ere errazegia da. Honekin ez dut esan nahi galtzea txarra denik, baina, arazoa da galtzearekin batera hartzen ditugun jarrerek geure burua babesteko bide errazegitik garamatzatela. Irabaztea ariketa konplexuagoa da askotan, kanporaketa irabazi arren negarrez amaitzea eta norbere burua matxakatzea aukera bat da. Edo finaleko bertso guztien artean batekin konforme gelditu ez eta behin eta berriro errepikatzea “irabazi egin dut, baina, bakarkakoa…”. Eta zer? Irabazteak ez du esan nahi den dena ondo egin denik, bizitzako saiorik onena izan denik, ez antzeko ezer. Batzuetan, lan handia egin ostean gehienetan, tokatu egiten da irabaztea espero ez arren, eta errazagoa izan arren galtzea, irabazi egiten da.

Baina, esan bezala irabaztea zaila da, eta are zailagoa irabazten ikastea. Bertso onak, metafora politak, errima aberats eta berbaera jantzia tarteko, bertsokide jatorrak alboan eta izarrak lerrokatuta ere edozer topatzen dugu geure meritu propoia gutxiesteko, irabazitakoa ez aitortu ez onartzeko. Ingurukoek sinesten dute baina zuk zeuk ez.

Denbora nahiko pasa da eta oraindik hodei batean, kaletik jendeak zoriontzen zaituenerako babesteko arma berria prest daukazu “denok egin genuen oso ondo” edo “oraindik ez dut sinesten”. Elizan jendeak aho batez esaten du “Bai, sinesten dut” eta erdiek ere ez dute federik, sinesten dugun horren inguruko gezurra esatea oso erreza da. Beraz, sinesten duzu baina zeure buruari irabazi duzula aitortzeko zilegitasun faltarekin sentitzen zara? Dena pikutara! Jantzi txapela eta jarri ispiluaren aurrean, sinetsi ala ez egia da eta!

Ironikoa da inoiz ezer irabazi ez duenak irabaztea zein irabazten jakitea zaila dela esatea, edo honen inguruan horren seguru hitz egitea, baina, sarri lagunen garaipenak geure sentitzen ditugu, guk geuk egin izan bagenu baino askoz ere harroago sentitzen gara. Harro eta zoriontsu.

Zaila da irabaztea