2022-03-21
Zahartzea
Zahartzea –
Doinua: lagundurikan danoi II
Ilea bakandu zait,
kopeta zait i(g)o,
masailari zimurrak
atera zaizkio,
Mitxelinak ugaldu,
denbora medio,
azala mantxaz bete,
zer erremedio,
“Felix, zahartzen ari haiz”
ispiluak dio.
Ilobengana pixkat
zuzentzean bista,
alturaz pasa naute,
ez daude erdizka.
Heldu bihurtu dira
umeak utzita,
haiek gorantz badoaz
hemen da logika,
geroni ez al gaude
zahartzen hasita?
Zahartzea da gazteak
ezin ulertua,
euren lehentasunak
zein pentsamentua,
arazoen aurrean
daukaten hautua.
“Zer gertatzen zaik, Felix?”,
nago galdetua,
zahartzen ari naizela,
hori da kontua.
Parrandara irtenda,
tabernara sartu,
hobe nuke ez banintz
hortara ausartu.
“Denak umeak dituk,
ez al haiz ohartu”,
tokiz kanpo zeharo,
azkena dut hartu,
garaia joan dela
beharko onartu.
Zahartzea da alboan
hiltzen ikustea,
ahul daukagu hura,
gaizki da bestea.
Bizitza uneetan
oso da tristea,
komeni da umore
onari eustea,
eta une ederrak
zaintzen ikastea
Denborak bihotzean
orbaina dit laga,
gogoa ahuldu zait,
buruan ikara.
Umore beltza jarriz,
arrazoia hara,
aurrerantzean ere
moldatuko gara,
ez zahartzea askoz
okerragoa da.