Aratz Igarzabal
Aratz Igarzabal

2016-10-06

Xalbador hil zela 40 urte

Xalbador hil zela 40 urte

Xalbador hil zela 40 urte40 urte beteko dira aurten azaroaren 7an Fernando Aire “XALBADOR” hil zela. Nola hil ere, bere omenaldiaren egunean ondoeza izan eta hala joan zen mendi hegaletan gora.

Joan den larunbaterako antolatua zegoen Goierriko bertso eskolaren izenean Urepelera bidaia, Xalbadorren oroimenean. Ume, gazte eta heldu abiatu ginen Ordiziatik goizeko zortzietan. Bidean Azpeitiko koadrilatxo bat hartu eta zuzen Urepelera. Planak hasieratik zeukan interesgarria izango zenaren  itxura. Eguraldia petral xamar izan genuen bidaian baina Urepelera heldu eta dezente portatu zen eguraldia.

Gosari ederra egin eta Xalbadorren txabolara joan ginen, batzuk kotxez, besteak oinez. Ni nola joan nintzen ez dizuet esango, norberak imajinatu.

Esan behar da koadrila horretan bazirela Xalbador ezagutu zuten bertsolariak eta bertsozaleak, batzuk aipatzearren: Mixel Aire “Xalbador” ( Fernandoren semea), Euxebio Igarzabal, Imanol Lazkano, Joxe Luis Gorrotxategi,etab. Horrekin pentsa daiteke Xalbadorrekin igarotako zenbat momentu konpartitu zituzten. Ez zegoen aspertzeko denborarik.

Bazkaritara Urepeletik pare bat kilometrora dagoen Silbestre jatetxera joan ginen. Han ere ez zen izan kontu faltarik,uneoro hitza jolas. Bazkalondorenean, Xalbador zenak jarritako hainbat bertso kantatu genituen, Mixelek tonua jarri eta guk kantatu.

Une batean iruditu zitzaidan Xalbador ere jatetxeko jangelan zebilela. Sentimenduz betetako uneak izan ziren nola nahi ere. Xume-xume egin nahi ziren gauzak eta bai lortu ere. Askotan xume eginda lortzen baitira gauza ikusgarriak. Denak geunden gustura. Baina ohitura legez onenean etxerako bidea hartu behar izan genuen. Baina bidea ere gozoagoa egin zen halako egun pasa ederraren ondoren.

Xalbador ezagutu izan banu bezala itzuli nintzen. 

Xalbador hil zela 40 urte

Xalbador hil zela 40 urte