Usteak erdi ustel –
Kantuan “zerbait” esateko asmoz gabiltzala diogu. Artearen politikotasuna darabilgu hitzetan nasai, sinbolo huts legez askotan. Aldarri handi eta inportanteak prestatzen ditugu bertso-eskolan, ia prefabrikatu, gero amaierako puntu erraldoietan botatzeko: tori, hau da nire iritzia.
Hala ere, zilarrezkoak dira gure mingainak, kotoizko horma artean heziak. Amazoneko kaxetan banaka entregatutakoak. Kotoizkoa da gure politikotasuna, ondo geratu nahi du, edo bestela, miretsia izan nahi du. Herriaren profetak garela uste dugu, esateko dugun horrek publiko osoaren kognizioa alda dezakeela. Gu gara mundu honek falta duen pieza iraultzailea. Guk badakigu, besteek ez. Mendebaldeko ohitura zaharra da egiaren apropiazioa.
Ego handiegia du bertsolariak. Ego handiegia du artistak, “artista” hitza bera kontzeptu ia estralurtarra bailitzan ulertu zuenetik. Xumearen plantak egiten ditu eta gero nagusitasunez hitz egiten dio ondokoari.
Batez ere, formulatzen dugun uste horrek 0tik 10erako puntuazioa atxikita daraman artean… erdi ustela izango da. Saldu egiten da iritzia, lorez apaindu kapital soziala irabazteko. Jokoa hau da: nik arrazoia dut, zuk ez. Harri, orri, har.
Noski artea politikarako tresna dela, konprometitua izan behar duela. Noski esateko zerbait behar duela, ez nuke kontrakoa ulertarazi nahi. Nik ere halako saiakera egiten dut, baina noizbehinka nire burua aurkitzen dut ispiluaren aurrean, argudio-jasak errezitatzen neure proiekzioari.
Oxala gure mingainak lokatzezkoak balira, zikintzeko eta okertzeko prestu. Oxala plaza elkar-entzute ariketa bat balitz, benetako jardun kolektibo bat. Oraingoz nago gure buruei gehiegizko garrantzia ematen diogulakoan.
Dio iritzi artikulu bat idaztera eseri denak.