2024-07-16
Urteko egunik zoriontsuenak
Urteko egunik zoriontsuenak –
Irakasle oporrak estreinatzeko urtero egiten didaten oparia ederra izan da, pena iraupen laburreko oparia izan dela aurten ere. Gurean, Aramaion, Nafarroako hiriburuko San Ferminekin batera ospatu ditugu jaiak aurten, nabarituko zenuten sekula baino jende gutxiago ibili dela San Ferminetan. San Martinak deituriko jaiak dira gureak, suposatzen dut nire anaiaren omenez jarritako izena izango dela, santuaren eguna urrian dela esango nuke eta guk uztailean ospatzen ditugu, beraz, hori ezin daiteke arrazoi nagusia izan. Izenak izen eta santuak santu, nik aspaldi bataiatu nituen herriko jaiak urteko egunik zoriontsuenak bezala.
Urteak egun zoriontsu asko ditu, hori pentsatzea gustatuko litzaidake behintzat, idatzi dudanean ez naiz kalkuluak egiten hasi baina positibismoa eta guzti horren aldeko aldarriak kontuan izanik, pila bat izan behar dira. Dena den, niretzat lau dira denetan zoriontsuenak, 2024an uztailaren 5etik 8ra bitarteko egunek izan dute luxu hori. Egun hauetan herriko jendearen gasolina edo diesel depositua autokarabana batena baino askoz handiagoa da, ekintzek ez dute etenik izaten eta nik guztietan parte hartzeko gogoa izaten dut, are gehiago, guztietan parte hartzeko indarra dudala sentitu ohi dut. Urteko gainontzeko egunetan oso pertsona txarra naiz ajeak kudeatzen, ingurukoei galdetu bestela, baina egunik zoriontsuenetan ez dago gu geldituko gaituen txosnako garraforik.
Honaino iritsi eta irakurtzen jarraitzen dutenek, dagoeneko pare bat aldiz pentsatuko zuten egunik zoriontsuenak aipatzen ditudanean exageratzen ari naizela. Hitzez azaltzen asmatu ez baldin badut froga grafiko batekin egingo dut saiakera.
Hortxe duzue asko mirestu eta maitatzen dudan horren irribarrea, jaiei izena ematen dien anaia ez, justu bestea da argazkian agertzen dena. Jaiei San Sabinak izena jartzea proposatu izan du berak askotan eta esango nuke arrazoirik ez zaiola falta. Lau eguneko zoriontasun goren hori amaitu zaigu, ondorengo egun triste pare bat ere pasa dira, iritsi da zoriontsu izateko beste arrazoi batzuk bilatzeko ordua, okurritzen bazaizkizue lasai jarri harremanetan nirekin.
Beti erakargarri
bezain ezberdinak
Gazte irribarretsu
ta zapi urdinak
Ezagutu ezean
gure San Martinak
Hurrengo etortzeko
egin ahaleginak