Ane Labaka
2016-12-31
Urte berriari
Urte berriari
Doinua: Nik zonbat pertsu alde
1.- Hilabeteak eta
mahatsak hamabi
desirak zenbat diren
ez daukat hain argi;
zenbat helburu txiki,
zenbat amets handi?
Zenbat plaza, bidai, gau,
zenbat ordainsari?
Zenbat mendi, titulu,
zenbat larrutaldi…?
Zer eskatzen diogu
urte berriari?
2.- Urtarrila heltzean
hainbeste pasio:
matrikulaz gainezka
mila gimnasio,
tabakoa uzteko
ze negoziazio…
Guztia ez ote da
manipulazio?
Otsailean ez indar,
ez motibazio,
helburuak bihurtzen
dira frustrazio.
3.- “Urte berri on denoi!”
diot facebookean
zurikeria jaso
dezadan trukean.
Amonaren ondoan
mahaian jardutean
irri egin dut bere
hitzak entzutean:
“Baldin gutako inor
ez bada lurpean,
hemen segiko dugu
datorren urtean”.