Enare Muniategi
Enare Muniategi

2021-01-08

Urte barrian sartu barritan

Urte barrian sartu barritan –

Gutxi batuko ginela eta, Gabonak xumeagoak izango zirela eta, beste hainbeste notiziren ostean, batzuk pozarren aurten ez genuelako horrenbeste jango, beste asko pozik inor aguantatu behar ez delako, eta beste asko penaz poteoa seietan amaitu delako. Denoi, loditu zaretenoi zein loteria tokatu zaizuenoi, ospatu duzuenoi eta hasarratu zaretenoi, urte barria umorez hasteko idatzitako sortatxoa hemen:

 

 

Urte barrian sartu barritan

natorkizue kantari,

20a oraindik ez dogu ahaztu

21ari adi.

Bertso barriak jartzera noa

Gabonen panoramari,

iaz Jesusen ordez jaio zan

Covid hemeretziari.

 

Euren etxean geratu dira

osaba eta izeko,

baita aitxitxe-amuma eta

hiru loba oinordeko.

Mahaiaren bueltan alkartu gara

familiko lau, etxeko

neurri guztiak errespetatuz

neurririk barik jateko.

 

Bi asten bueltan lau ospakizun,

pasatzea da, hau da lar!

“Etxean trankil egon gura dot”

pentsatuz hainbeste bidar.

Ohitura barri asko ondo dauz

albora itziz hainbeste zahar,

ze barriakaz koinatua be

ez dogu aguanta behar.

 

Lehenago zana hamar polboroi

zein bi litro intxor-salsa,

ta afal ostean etxekoekin

kantu zahar eta dantza.

Aurten ahora esperantzagaz

hamabigarren mahatsa,

urte barrian musu emotea

ez daiten izan hain gatza.

 

Gabon barriak asmatu eta

ondo pasatzen igarri,

begietara sakon begira

egon garenez alkarri,

gauza bakarra eskatu gura

deutsut zuri, urte barri:

Triste denak eroatea

ta besarkadak ekarri.

Urte barrian sartu barritan