Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2018-06-20

Ur epel

Ur epel –

Ur epelAtzo zen Fernando Aire Etxarten jaiotzaren urteurrena. Duela 98 urte sortu zen mundura, gero Xalbador bezala ezagun egingo zen bertsolaria. Gu jaio baino urte dezente lehenago joan zen, baina ez hargatik isildu. Guk ere, entzuten jarraitu dugu gerora. Zoritxarrez, ez genuen marrazki bizidun moduan ezagutu,  gu munduratu aurretik edo gutxi geroago hil ziren beste bertsolari batzuk bezala. Baina gogoan ditut bere liburuak eta batez ere, oroitzapena dudanetik testuinguru askotan entzun dudan “Nuuuuuun … haaaaaagoooooo?” hari izen abizenak jarri nizkion momentua. Abesti hori entzuteko modua aldatzen baita ulertzen ikasten denean.

Nerabezaro purian ikusi nuen lehenengoz 67ko txapelketako bideo ezaguna. Gogoan dut aste osoa pasa nuela galdezka, gertatu zena ulertu nahian. Iltzatuta daramatzat geroztik matrailezur gogortu hura, begirada iraulia, hasperen hertsi hura … eta txistutik txalorako trantsizioan begiek kliska. Asko kosta zitzaidan irudiek niri eragindako amorru hartatik berak munduko maitasun aitortza ezagunenetakoa atera zuela ulertzea. Klasea eta maila ez baitira derrigor eskolari lotutako hitzak.

Xalbador ez zen epel geratzekoa, mundua bizitzeko modu sentikorrak ez ziolako uzten, ziurrenik. Odolaren mintzoa zen harena, taupadaka zetorrena. Poetatzat zuten batzuk eta sakontzat gehienek; eta kontuan hartzekoa da garai hartako bertsokera ohikoan zutik geratzen ziren esaldiek zutela indarra, sententziek. Horretan ere bazekiela dudarik ez da, baina beste zerbait eskaintzeko sena, determinazioa, edo bien nahasketa izan zuen. Jendeari erakutsi egin zion nola entzun zezaten nahi zuen.

Txistuen momentua tantaz tanta betetako baldearen gainezkatzea besterik ez zen izan, ziurrenik. Egunez egun eta saioz saio egin zuen (berak eta beste askok, zorionez) pedagogia hori. Duela ia ehun urte jaio zen gizonak. Eta ehun urte geroago, diskurtso berriak nola plazaratu eztabaidan gabiltza, praktikan gertatzen ari den arren. Ez dugulako 67ko txistualdi hura berriz gertatzerik nahi, gainezka egitear den eltzean.

Heltzean, ulertuko dugulako beharrezko trantsizio bat izan zela. Umetan esan ziguten iraultza eta trantsizioa bereizten zituena aldaketen erritmoa zela. Geroago entzun nuen ura pixkanaka epelduz gero, barruan dagoena bertan irakingo litzatekeela aldaketaz ohartzerako. Tenperatura kolpez aldatuz gero, ordea, irten egingo litzateke uretatik. Urepeleko artzainari zer ikasia badugu, honetan ere.

Epelkeriarik gabe, epeltasunez.

Ur epel