Aratz Igarzabal
Aratz Igarzabal

2016-12-06

Umorea

Umorea

Gaur eguneko gizarte honetan nabarmena da gero eta umore gutxiago sortzen edo sumatzen dela. Biharrari edo etorkizunari begira bizi gara, eta umoreari sarri ateak ixten dizkiogu.

UmoreaHala ere umorea sendagai oso ona da eta etorkizunari aurre egiteko tresna garrantzitsua. Esango nuke horretan zortekoak garela bertsolaritzan gabiltzanak, inguru oso umore zalea baitugu. Ume-umetatik izan dut zaharragoekin egon eta beraiekin hitz egiteko aukera eta gogoa. Horregatik ere adarra jotzen didate ingurukoek, azkar zahartuko naizela eta horrelakoak esaten dizkidate. Gehiegi luzatu gabe Gabirian zaharrei entzun eta gazteek eginak eta esanak kontatuko ditut, denak ezin direnez kontatu eta kontatzen hasiz gero liburu bat egiteko lain badaudelako hiru bat kontatu eta nahikoa izango dugu.

Lehenengoa koadrilako bati pasatakoa da. Abuztua eta etxean bakarrik zen gaztea, gurasoak oporretara joanda eta. Joan da mutila Zegamako jaietara eta nahikoa zuku edan eta gero etxera etorri ere bai taxian. Baina, tripa huts xamarrik izan nonbait eta arrautza pare bat jateko gogoa sartu zaio, baina arrautzarik ez betiko lekuan. Joanda oilategira eta oiloa kotan, jo du ostikoz oilo hori eta arrautzak hartu eskutan eta sukaldera. Ederki gogoratu zen oilategian zergatik ez zion uzten oiloak arrautzak hartzen uzten.

Bigarrena gure etxean entzundakoa da, Xerapin izeneko artista bat ba omen zen Gabirian, umorearen maisu. Behin tabernan eztabaidan ari omen ziren ia ganadurik onena zein zen. Batek behia esaten omen zuen, besteak ardia.. eta horrela ari zirela Xerapinek esan omen zuen:

  • Zeate ixilik, ardie ta behie ta kristok. Onena konejue dek, motellek.
  • Konejue ? –aldameneko batek erdi zeharka erantzun.
  • Bai moteill, gosek daonen ez dik ba bate horroik eitten! Konejue dek onena dudaipe.- Xerapinek erantzuna azkar eta argi.

Hirugarren istorioa ere Xerapinena da. Orduan ere tabernako eztabaida, nola ez. Hala ari omen ziren gizona gora eta gizona behera. Esan behar da Xerapin mutil zaharra zela baina ondoan izango zuen ezkonduren bat eta hala galdetu omen zion ezkondu horri.

  • Aizak, noiz egiten dek bat gizon?– Xerapinek.
  • Noiz egingo dek ba? Ezkontzen denean egiten dek gizon.- ezkonduak erantzun.
  • Hi ez hintzen ba egin.- erantzun xerapinek.

Kontatzen segituz gero lehen esan bezala liburu bat betetzeko adina izango genuke eta hurrengoan kontatzeko ere zer edo zer beharko dugunez honainokoarekin nahikoa izango dugu.

Baina badakizue, izan umoretsu eta egin umorea!! Bizitza bakarra da eta!!!

Umorea