2025-01-27
Umearen desioa / Desioaren unea
Umearen desioa –
Doinua: Paloma, Andres Calamaro
Ile gorri kiribildu,
eta soineko ubela,
pinpilinpauxez beterik
urduri dauka sabela.
Argiak itzalita prest
zegoenean jangela
ufatu ondorenean
hamabigarren kandela,
ahoz goran erran dute,
denak presente zeudela,
elkarrekin egin duten
gauza hoberena dela.
Familia, zein lagunak,
bildu dira otorduan
“Zorionak zuri” denek
kantatu dute koruan.
Ez dago pertsonarik ez
duenik zoriondu han.
Familia onenetan
gertatu ohi den moduan,
etorritako guziak,
joaten diren orduan
itxurak egiteari
uzten diote, orduan.
Inoiz eskatutakorik
jaso gabe, egundaino,
eduki duen zoria
sinetsi gabe oraino,
opariekin, irrikaz,
joan da logelaraino
buruan ez du besterik
bertan jolastea baino.
Azken orduek eraman
dute zorioneraino,
aita-amaren goizeko
liskarra ahanzteraino.
Egongelan daude aita
eta ama parez pare.
Nahiz eguerdia joan den
perfekzioaren pare,
txikikeria bat handi
bihurtu da oharkabe
eta berriz eztabaidan
hasi dira, burugabe.
Ulertzea zaila zaio,
galderarik egin gabe,
nola dauden elkarrekin
elkarren aurka badaude.
Ez du sumatu bakea
zegoenik etetear.
Ez daki nola bihurtu
litekeen irri bat gedar.
Nahiz beti aditu duen
maitatzen dutela elkar,
ikusi duenagatik,
hamabi urtean zehar,
gauzak aurpegiratzea
eta egitea negar
badaki ez litzakeela
maitasuna deitu behar.
Ezkutatzera egin du,
burua almohadapean,
baina ohetik jaiki da
amorru kolpe batean
haiengana joan nahi du,
baina eten da atean.
Negarrari, belauniko,
eusten dion bitartean
lurretik dena jaso du,
lazo gorri bat tartean,
bere malkoak biltzeko
opari-paper artean.