Ekhiñe Zapiain
Ekhiñe Zapiain

2024-10-01

Udazkena

Bereziki gustatzen zait udazkena. Urtaroetan bat aukeratu behar banu, udazkena izanen litzateke dudarik gabe.

Udazkena –

Ezin hobe islatu zuen Oihana Aranak Berriako artikulu hartan: udan egin ez duzun hori guztia errepasatu (eta errukitu), nostalgiak kopeta lainotu, gaztainak eta onddoak bildu, sukaldatu eta jan, lehen aldiz piztu beheko sua, jertse potoloak jantzi, kalabaza purearekin obsesionatu, dekadentzia pixka bat erromantizatu… hori eta anitzez gehiago gogoko dugun udazken jende ugari gaude munduan. Aurten ofizilaki pasa den irailaren 22an hasi omen zen udazkena. Onartuko dizuet, oporretatik iraila hasiera hartan lanera itzuli nintzenetik somatu nuen hurbiltzen eta hurbiltzen ari zela haren usaina. Irailak udatik eta udazkenetik duelako apur bat; gozotik eta gazitik; eguzkitik eta euritik.

Gipuzkoar batzuentzat ez akaso, baina niretzat eta ingurukoentzat sasoi honetan ernatu da udako loalditik bertso-eskola. Izan ere, bertsolari gazte gehienontzat uda partea aritzekoa baino aditzekoa izaten da (bestetako Santuek haien pareko bertsolariak nahiago omen dituzte antza). Eta beraientzat, plazaz-plaza dabiltzan horientzat, zurrunbilo bat da udara: jaialdi bat hemen, afaria han; poteoa hemen, bazkaria han. Eztarria hitz eta kantuz jario betean izan duen lagunak onartzen zidan iraila dutela haiek territorio libre bakartzat.

Ez dira txarrak udako entzule-belarriak, baina esperentzara kondenatuta gaudela dio oñatiarrak eta ezin hobe definitzen du urtaro hau niretzat zer den. Deituko naute berriro, lasai; izanen dut kantatzeko aukera nonbait; jendaurrera atera gabe lasaiago nago akaso; berez baditut bertze hamaika egiteko, saiorik gabe askoz hobe; benetan gustuko dut guzti hau? Bakoitzak bere mementuan eta bere erara bizi ditu zurrunbiloak.

Aurtengo iraila (trantsizio deitu diezaiokegu?) baina, ez da hain ezegonkorra izan. Lagun batek dio saioetatik deitzen ez badigute irtenbide onena dela saioak guk geuk antolatzea, eta ez zait hain ideia txarra iruditzen. Kalabazak ematen badizkigute, jan ditzagun; ase gaitezen kalabazez. Ia ahantzia genuen zer zen, baina Bardoek koblakari bilakatu gaituzte basoetako pagoek garai honetan pagotxak ematen dituzten erreztasunez. Bertsolaritza molde aldakorragoetan kabitu da, norbanakotik baino taldetik kantatu dugu, eta ahots eta gorputz (berri) gehiago kabitu dira oholtzan. Zuhaitzen gisan tarteka itxuraldatzea komeni denaren seinale.

Zeru-lurretan usoak, biligarroak, oilagorrak. Baratzeetan ilar gorriak, porruak, kalabazak. Nafarroako plazetan Argako Bixiguak, Assurancetourix, Baztanzopak, Drimtim, Errimaren matxinatuak, EzKrashak, Hor gu!, Joiak, Malerreka ez da Baztan, Manteleko sobrak, Mutilatuak, Pikutara goaz, Pirini Bardo. Eskolartekoarekin batera Bardoetan kantatu nuen jendaurreratu nintzen lehendabiziko urte horietan. Udazkenak bezela, lainoak eta ortzadarrak dituzte Bardoek; batzuetan gorroto dut, bertzeetan maite. Ekimena bermoldatzeko ordua ez ote den pentsatzen hasia nai. Baina kontuak kontu, aurtengoak ere balio beza udazkenean ez ezik, neguan, udaberrian zein udaran Nafarroako bertso-zirkuitua zabaltzeko eta ahots eta gorputz gehiagok izateko lekua bertan. Gozatu udazkena!

Udazkena
Orhi. Arg: Ekhiñe Zapiain
Udazkena