Peru Abarrategi
Peru Abarrategi

2024-08-26

Udari

Azken urteetan ez dut feeling egokirik bilatzen nire udako oporrekin. Nahiko luzeak dira beste askorenekin alderatuta, luzeak direla ez esatearren, bi hilabete ingurukoak. Urteko beste hainbat hilabetetan egiten dudan lanean eroso sentitzen naizen arren, nik ere nahiago ditut jaiegunak eta oporraldiak, bata bestearen atzetik kateatzen diren aste luze eta nekagarri horiek baino. Aspalditik darabilt buruan ordea, oporrak nahi adina gozatzen ez ditudanaren ideia hori eta badirudi hortik nola atera asmatu orduko, aurtengo udako oporrak ere amaitu egingo zaizkidala.

Udari –

Udari
Irudia: Saydung89

Azken bi urteetako udako oporraldiak momentu edo gertakizun negatiboekin lotzeko joera hartu dut eta akaso, aurtengoan ere antzeko zerbait gertatzeko beldurra da hilabete hauek topera bizitzen uzten ez didana. Denbora libre ugari daukadan sasoi honetan, pentsatzeko ere tarte luzeak izaten ditut eta azkenaldian uste dut hobea naizela pentsatzen, pentsamendu horietatik atera behar ditudan ondorio egokiak ateratzen baino, beraz, udan gauza onerako, pentsatzeko denbora gehiegi hartzen dudala esango nuke.

Normalean, nik hala egiten dut behintzat, bi zati ezberdinetan banatzen ditut nire oporregunak. Alde batetik, norbere herrian edo herri inguruan pasatu beharreko oporraldiaren blokerik handiena eta beste aldetik, urtean gertatutako gaitz guztiak sendatuko dituen astebete inguruko ihesaldi magiko hori. Aramaio inguruan pasatzen ari naizen egunetan, etxekoekin egoten saiatzen naiz, hauek ere nire beharra dutelakoan. Kontua da lau garela etxean eta elkarren agendak kuadratzeko desastre hutsak garela, familian elkar zaindu beharreko egunetan ia-ia munduaren lau punta ezberdinetatik zaindu dugu elkar aurten. Tarte honetan, lagunekin plan ezberdinak egiteko aukera ere izan ohi da, gureak ordea, aurten ez dira horren ezberdinak izan. Festak non diren begiratu, gezia dianaren erdira apuntatu eta adina eta sasoia lagun, han azaldu gara. Ongi pasa dut festarik festa, horrela ez balitz ez nituzke plan horiek egingo, baina oporraldiaren hiru laurden joan zaizkidan honetan ohartu naiz, orain arte egin ditudan planek ez nautela asebete.

Gainean daukadan sentsazio gazi-gozo hau iraultzeko, dena karta bakarrera jokatu beharra daukat. Zortzi egun izango dira zehazki, familiarekin lehenak eta lagunekin amaierakoak. Aurrez ere aipatu dizuet zenbat lan izan dugun familia elkartzeko, beraz, behin elkartuta ezinbestean pasako dugu asteburu eder bat, falta zaiguna edo falta zaizkigunak omenduz, elkarren alboan behar beste negar eta barre eginda. Aramaiotik urruti egindako ihesaldiaren bigarren zatia, euskaldunek sekula zapaldu ez duten toki exotiko horietako batera egingo dugu lagun-taldeko hainbat kidek, Conilera hain zuzen. Gaitz guztiak sendatzen dituen ihesaldi magikoa deitu diot pixka bat gorago, mentalitate positiboarekin joatea lagungarria dela dioten guzti horiek omentzeko.

Urte guztia pasa ohi dut udako oporraldi luzea noiz iritsiko zain eta azken urteetan luzeegi joan zaidala iruditzen zait. Falta zaidan zatian ahal bezain beste gozatuko dut, baina burua gozatzera behartu gabe. Pozik, egoera estandarrean eta egoera estandarretik pixka bat beherago egoten ere ikasi dudala esango nuke; hurrengo helburua, multzo horiek kopuruz ongi kudeatzen ikastea izango da. Ederki amaitu uda zuek ere.

Udari