Haize Lekuona
2024-03-25
Udaberria loratu da
Udaberria loratu da –
Doinua: Domecq Mariñela
Nigeria, Somalia,
Siria, Palestina
Beste gerra berri bat
ezin da imajina
Nolaz isildu daiteke
horrenbesteren mina?
Eskerrak ez den mutua
bakezaleen grina
Arrailetan barrena
eginez ahalegina
Askatasun aldarriaz
hazi da klabelina
Ez da erraz mantentzen
beti bero bihotza
Hain hurbil dugunean
gugandik heriotza
Tristura ez da askotan
sentimendu arrotza
Hobe genuke hortako
une guztiak goza
Loretu barrenean
dugun irri bakotsa
Hiazintoaren antzera
loratuz bizipoza
Desorekatua da
gizarteko balantza
Eskubide urraketek
darrai dute gorantza
Liztor hilkorrez betea
da munduko erlantza
Baina indartsuago da
pinpirinpausen dantza
Aldatu dezakete
geroaren norantza
Irisak loratuz dakar
horien esperantza