2022-03-31
Udaberria
Udaberria –
Iritsi zaigu behingoz udaberria, askorentzat hain ederra eta emankorra den urtaroa. Niretzako ere aurten izan du zerbait berezitik udaberriaren iritsierak, bertsoari dagokienean behintzat. Mahai-bueltako saioak itzuli edo berpiztu dira, afaldu eta gero argiak itzalita taberna zuloan trago batzuk egin eta gero bixkortuta egiten diren saioak itzuli dira, herrian zehar lakualdatuz egiten diren poteoak itzuli dira… eta zentzu batean, berriro ere zentzua hartzen hasi naiz bertsolaritzari.
Izan da garai bat gehiegi-gehiegi ere sinestu ez dudana bertsolaritzan, edo bihurtzen ari zen horretan. Egoera zen bezalakoa zen, eta guztiok legea hitzetik hortzera jarraitu dugunez, zaila zen ezarritakoarekin hautsi eta bertsoa aitzindari izatea gizartearen geldiegon orokortuan. Baina koiuntura edozein zela ere, ez dira garai ederrak izan. Bertsozale Elkarteak 2021eko bertso-plazaren azterketaren laburpenean, honela zioen hitzez-hitz: “Mahai bueltan egiten diren lagunarteko saioak edota kalean bertsolariak zalearekin erraz nahasten diren plaza libreak ez dira errekuperatu 2021ean; aitzitik, jaialdiak nabarmen igo dira pandemia aurreko urteetako bilakaerarekin alderatuz gero.”
Beraz ez da nire pertzepzio hutsa izan. Bertsolariok jendartetik atera gara, eta oholtzara igo gara, altarera ere bai esango nuke. Baina zer da bertsoa jendartekoa ez bada? Gertutasun hori bai bertsolariak eta bai entzuleak behar duen zerbait dela iruditzen zait, bertsoa herritarrengandik herritarrentzat izango bada, eta ez elitearengandik herri xumearentzat.
Eta azkenaldi honetan ikusi dut itzultzen ari direla libreko, mahai bueltako eta entzulearen arteko saioak. Niri tokatu zaizkit batzuk, eta ikusi dut nire inguruko beste batzuei ere ateratzen hasi zaizkiela. Eta poztu naiz: nigatik, nire ingurukoengatik, entzuleagatik eta bertsolaritzarengatik. Bertsolaritzak hazten eta zabaltzen jarraituko baldin badu denetik behar baitu; bai jaialdia, bai txapelketa, bai mahai buelta, bai poteoa… Oreka mantendu behar da goranzko joera izan nahi bada, eta osasuntsu mantentzea bada helburu. Txikitan esaten ziguten formula berbera dela uste dut: “osasuntsu egoteko denetik jan behar da.” Bertsoari ere horixe gertatzen zaio: osasuntsu egoteko, denetik kantatu behar da.
Ea bada udaberriak ekartzen digun loraldi hori, eta denen gustuko platerak prestatzen dizkigun; izan oholtzan, izan mahai bueltan, taberna bateko barraren ondoan edo txozna bateko karpapean. Guztiok asebeteko garen esperantzan, ongi etorri udaberriari eta jarrai dezala loretan.