2021-09-10
Uda zaporeko sartzea
Uda zaporeko sartzea –
Uda dator uda pasata denean: azkenean eguzkia esnatu da irailean, udako koma amaitu ondoren. Sartze honek ez dauka sartze zaporea, eguzkiak sinetsarazi nahi digu oraindik zai ditugula arratseko bederatzietan udarako gauak, barbakoz eta lagunarteko garagardo tragoz apainduak. Baina errealitatea bestelakoa da: soldataren atzetik gabiltzanok lanera itzuli beharko dugu, eta ikasleek ikasgeletara, gero urrun edo hurbil batean soldataren atzetik ibiltzeko.
Bertsoak ere bere sartzea egin du, eta berpizkunde itxura hartu du agenda berriak, pandemiak inposatutako neurri eta etenaldien ondotik. Euskal Herriko extremitateetatik Nafarroa arte, badirudi plazak emeki-emeki berriro soinuz eta ahotsez beteko direla, txapelketen erritmora. Kantuan berriz hasteko parada izango dute askok, edota emandako entrenamendu intentsiboaren fruituak biltzeko aukera, bariante berri bat agertzen den arte, behintzat.
Eta zer erranik ez bertso eskoletaz. Taldetxoak ere berriro martxan jarri dira herriz-herri eta gelaz-gela, bertsoa ikasteko, baina denaren gainetik gozatzeko. Gogoratzen naiz ni ere txapelketen ikustera joan nintzela bertso eskolan sartu nintzen garaian, eta hauek ere lagundu zidatela bertsoaz zaletzen eta maitemintzen. Ea gu ere gai izango garen uda itxura duen sartze honetan, traba guztien gainetik, belaunaldi berrien integratzeko eta lehiakortasuna baztertuz, gozamena disziplinaren ardatz gisa definitzeko.