2022-09-20
Uda joan da ta
Uda joan da ta –
Denok ikusi dugu (pairatu hitza egokiagoa izanen da segur aski kasu honetarako) uda honetan, termometroek anitzetan goia jo izan dutela. Oraindik burutan dut ekaina erdikaldean, Iruñean, historiako tenperatura minimo altuena egin omen zuen arrats hura, aire egokiturik ezean, lo egitea mirari bilakatu zen arrats hura. Eta gehienon zoritxarrerako, egunez egun antzeko tenperaturak izan ditugu herri gehienetan. Beroa etxeetara sartu zen eta orain dela gutxira arte ez du joateko inongo imintziorik egin, gonbidapena aspaldi luzatu genion arren. Eta horrek, lehen aipatu bezela, arratsetan lo egiteko zailtasunak ekarri dizkit, bertzeak bertze. Tenperatura altuei lehortea gehitu zaio gainera. Noiztik ez du euririk egin Euskal Herriko bazterretan, egun puntual bat izan ez bada? (Egun puntual horretan Lesakan metro karratuko 200 litro neurtu ziren, hortik kontuak atera zein nahasita dabilen eguraldia). Ba uda honetan, teorian uda oraindik bukatu ez delako, gaur lehen aldikoz izan dut, lanera joateko, galtza luzeak jartzeko tentazioa. Ernatu eta balkoira atera naizenean, ez zegoen aitzineko egunetako hego haizerik, ez zegoen aitzineko egunetako bero goxorik. Kaletik zihoan edari banatzaileak ere beso eta hankak estalita zeramatzan, lanerako ohiko mahoizko galtzei kirol jertse gorri bat gehitu baitio gaur.
Garai batean, gure zonaldean uda Igantziko bestetan bukatzen zen, Igantziko San Migelak pasa ondotik. Bertan egindako juergak ekartzen zigun bestondoa zen udazkenaren etorreraren adierazle nagusia. Batzuk ikasketetara itzuliko ziren, izan institutua, izan unibertsitatea. Bertze batzuk lanera edo lan bilaketara. Baina udarekin lotutako gustuko ekintza guztiak ez ziren itzuliko, hurrengo uda iritsi arte gutxienez. Zeinek ez du maite arratseko sargorian, terraza baten bueltan, lotara joateko presarik gabe hartzen den katxarro edo freskagarria? Zeinek ez du gogoko herrietako besten tourra burutzea, goizeko ordu txikietan eguzkia nola ateratzen den kalimotxo trago batekin ospatzen den bitartean.
Uda bukatzeak oporren amaiera ekartzen du gure bizitzetara, gauzak bertze erritmo batean egitea baimentzen duen urte sasoi bakarraren amaiera. Eta horrek guztiok jartzen gaitu egoera nostalgiko batean, denbora batez bizi izan dugun amets bat bukatu balitz bezala, kasu batzutan amets gaizto bihurtzeraino. Jendearen animoan ere nabaritzen dugu, beroak hotz bilakatuko direla eta salbuespenak errutina. Eta zenbaitentzat, niretzat gutxienez bai, errutina horietara itzultzea mesedegarria bada ere, beti gelditzen zaigu zapore gazi-gozo bat, berriz itzuliko ez den zerbait igaro denaren sentsazioa. Eta saiatzen gara luzatzen, iraileko aste bukaera goxo horiei uda forma ematen. Baina ez da berdina.
Nik aurten, lehendabiziko aldiz hau ere, uda irailaren 1ean bukatzen zela sentitu dut, eta ez Igantziko Bestetan. Badira hainbat urte San Migeletara joan ez naizela, dozena bat izanen da gutxienez, baina oraindik besta hauek hartzen nituen erreferentziatzat. Aurten dagoeneko ez. Eta horrek zenbait gauza argi eta garbi adierazten ditu. Batetik, herrietako besten zirkuitu horretatik kanpo sentitzen naizela dagoeneko, nahiz eta tarteka gure ahalegintxoak egin hori horrela ez dela frogatzeko. Tenislari erretiratuek egiten dituzten erakustaldi partida horien antza hartzen diot nire buruari horrelakoetan. Gogoa eta ilusioa bai, sasoi eta indarrik ez eta anitzetan lekuz kanpo zauden sentsazio hori, non eta txalo pila jaso duzun agerleku horretan. Bertzetik, gero eta gehiago eskertzen dudala errutinetan lehenbailehen barneratzea, nire burua estabilitate premian ikusiko banu bezela.
Baina balkoitik itzuli eta galtza motzak jarri ditut berriz. Agian azken aldiz baina ezin izan diot gogoari eutsi. Uda luzatzeko ahalegina izanen da behar bada edo udazkena atzeratzearena, azken finean gauza berdina baita. Behar, behar, agian behar dugu errutinetara itzultzea, baina nahi, nahi, nahiago izaten dugu gozamenaren zurrunbilo horretan jarraitzea, bukatzen den amets bat dela badakigun arren.