Aratz Igarzabal
Aratz Igarzabal

2017-09-04

Uda espeziala egiten duena

Uda espeziala egiten duena –

Udari ongi etorria eman geniola ez da denbora asko. Baina iraila gerturatzen ari den heinean ia gure uda bukatzen ari dela esan dezakegu, uda baino, oporraldia amaitzen ari zaigula. Orain da garaia oporraldiaren balorazioa egin eta oporretarako geneuzkan plan guztiak ia osatu ditugun ikusteko, edo ia zerbait berririk egin dugun konturatzeko,etab.

Nire kasuan, uda honetarako neuzkan aurreikuspenak bete ditudala esango nuke. Ondo pasatu eta deskantsatu.

Ondo pasatze horren barruan dagoen faktoreetako bat bertsoa da. Saio dezenterekin ibili gara. Niretzat saio dezente dena ez pentsa dozenatik gora denik, baina bi hilabetean dozena bat ez dago gaizki. Pilak kargatzeko oso uda eraginkorra izan da.Iraileko aldapa erosoagoa izan dadin lagunduko didala uste dut.

Sarri kexatu izan gara gazteok, eta arrazoiarekin, bertso saio gutxi izaten ditugula, baina esango nuke alde horretatik zorteko nabilela. Gure inguru honetan saio dezente egiten ari gara eta urrutiagotik ere tarteka deiren bat jasotzen dugu, eta horrek ikaragarri pozten nau. Horrelako gauza txikiek egiten dute uda espeziala.

Bertsoaren inguruan gustura gabiltza, bai kantuan eta bai besteek kantatuak entzunaz gozatzen ere. Saio mitiko askotan izan gara aurtengo udan entzule gisara eta antzematen da udazkenean badatorrela bertsolaritzaren “pressing catch-a”. Hori da hori lan egitea, eta ez plazan bakarrik, etxeko lanak ondo eginda dabiltzala nabari zaie gehienei, eta ez txapelketan aterako direnei bakarrik. Laster hasiko da Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusia. Ni gogotsu nago, gozatu ederra hartzeko gaude.

Bitartean goza dezazuela zuen egunerokoan eta segi dezagula urte osoa espeziala egiten, ez baitago oporretan egon beharrik ondo  pasatzeko!

Uda espeziala egiten duena

Uda espeziala egiten duena