Arkaitz Estiballes
Arkaitz Estiballes

2022-09-05

Txupinazoa

Txupinazoa –

Bueltatu dira jaiak, bueltatu dira bertso saioak plazetara. Euskal Herriko hiriburuetako jai giroan ere izan du bertsoak lekurik eta Bilboko Santiagoko plazan egunero izan du bertsozaleak bertsoaz gozatzeko aukera. Jaiei hasiera txupinazoak ematen die, zeru erdian eztanda egiten duen suziri horrek. Hurbiltasunagatik, Bilboko jaien hasierak, txupinazoak, hunkitu egiten nau, are gehiago konpartsetako kide bat txupinera izango dela jakiteak. Izan ere, bada aldea txupinetik txupinera eta jaurtitzen den tokiak ere zer pentsatua ematen du.

Bilboko txupinazoa maite dudan arren, Iruñeko jaien hasierakoa izango da munduan ezagunena ziurrenik. Honek ere badu bere historia. 1880an, Alfontso XII.a erregeak Estatuan esklabotza indargabetzeko legea sinatu zuenean edo Thomas Alva Edisonek kriseilu goria patentatu zuen urte berean, Juan Echepare Aramendia iritsi zen mundura. Burlatan jaio zen urte hartako maiatzaren 4an. 1936an totalitarismoaren eta diktaduraren babesleek fusilatu zuten. Baina nor zen edo zergatik zen Echepare Aramendia ospetsua? Zergatik egiten zien enbarazu frankistei? Juan Nafarroako Alderdi Errepublikano Autonomoko politikaria zen.

Txupinazoa
Juan Echepare Aramendia

Juanek Jaca eta Cuatro Vientoseko errepublikar saiakeraren antolakuntzan parte hartu zuen 1930ean, hau da, sei urte lehenago. Juan Echeparek zuzendu zuen partida 1930ean, eta Jacako eta Cuatro Vientoseko azpilanaren prestaketetan parte hartu zuen. Hori dela eta, atxilotu, eta espetxeratu egin zuten Madrilen, eta Alcala Zamoraren lagun egin zen espetxean. Juan Echepare Aramendia Frantziako Estatuan eta Amerikako herrialdeetan ibilia zen gaztetan. Hainbat lanbidetan jardun zuen, besteak beste, aseguru-agente lanetan aritu zen.

Aurrerago, Iruñean finkatu zuen bere bizilekua eta estankoa jarri zuen. Hirian gogoratzen dute Bigarren Errepublika iristean Espainiako hiru koloreko bandera margotu zuela udaletxeko fatxadan. Burlatarra Liga Nazional Laikoko kidea zen eta Nafarroako Alderdi Errepublikano Autonomoko presidentea izatera iritsi zen. Baina zer harreman zuen San Fermin jaiekin?

Echeparek sustatu zuen txupinazoa. Txupina Errepublika Plazan botatzen zen 1873 eta 1931 artean, eta Gaztelu plazan ondoren. 1931n eskatu zuen Echepare Aramendiak Gazteluko plazan botatzen zen lehen suziriaren metxa pizten uzteko, ordura arte enpresa piroteknikoko langileek zeukaten ardura hori. Echeparek 1932ko uztailaren 6an jaurti zuen txupinazoa. Urtero bota zuen 1936ra arte, bere azken Sanferminak; faxistek hil zuten eta desagertuta jarraitzen du.

Egun oraindik, ez dago datu zehatzik non fusilatu zuten eta haren gorpua non dagoen jakiteko. Echeparek jaurtitzen zituen suziri haiek betirako isildu ziren. Frankismoaren lehen udalak tradizioarekin jarraitu zuen, baina alde handiarekin. 1941etik aurrera, udaletxeko balkoitik egin zen, eta ez plazatik eta herritarrez inguratuta…

Bertsolaritzak ere prest dauzka bere txupinak. Udazkenean zehar hainbat herritan jaurtiko dira, abenduaren 18an txupinazoa Iruñean. Echeparek jaurtitzen zituen haien antza izango du, plazatik eta herritarrez inguratuta. Txupinak Iruñean egingo du eztanda, txupinaren makila non eroriko den jakitea baino ez da falta. Umeak ginela makil hori zerutik noiz eroriko zain egoten ginen, txupinaren noranzkoak edo haizeak baldintzatzen zuen hori.

Txapelketetan ere izaten dira haize korronteak, txapela nora joango ote den baldintzatu dezaketenak akaso, edo ez, ez dakit edo ez nago ziur. Ziurtasun bakarra daukat, aurtengo txapelketa izugarria izango dela eta txupinazoa Euskal Herri osoan entzungo dela. Haize korronteei buruz hurrengoan arituko natzaizue, plazer baduzue!

Txupinazoa Txupinazoa