Eneko Fernandez
Eneko Fernandez

2023-01-25

TXOTX!

TXOTX! –

Doinua: Bertsuak jarri dizkat

 

 

Gure gastronomia

azturei begira

Gogoa piztu ahala

pizten da desira

Aurten nork ez du joan nahi

sagardotegira? (bis)

 

Ahantziz pandemia

eta murrizketa

Gure artera dator

ohiko berriketa

“… goazen kupeletara,

ekarri txuleta…” (bis)

 

Baina nagusitzen da

desfase itzela

Nahiz edateko bete

behar den sabela

Baten batek etxetzat

hartzen du kupela (bis)

 

Lehenengo euforia

salto eta dantza

ezin disimulatu

ondoko balantza

Intxaurren batek kalte

egin dio antza (bis)

 

Parranda aitzakia

bihurtua iada

(Ta nahiz eurek fidakaitz

dauden behar bada)

zain dauzkazu Hernani

ta Astigarraga (bis)

 

Izugarria baita

jende uholdea

ezin imajinatu

besta bat hobea

Herritarrak gustora

al daude, ordea?(bis) 

 

Zabaltzen da guztia

libre den mezua

Batzuen oihua ta

bertzeen kexua

Arrakastaren aurki

eta ifrentzua(bis)

 

Pasatu gabe, ongi

pasatzeko nahia

giro vs txikizio

ta pixa usaia

norberak eman beza

nahi duen epaia (bis)

 

Baina hau iada inork

gelditzerik ez du

nahiz ta biharamunak

bat jartzen dun estu

Nor ez dago berriro

etortzeko prestu? (bis)

 

Norberak egoera

bizi du ezberdin

baina joan ezkero

kuadrillarekin

zentzuz jokatu zazu,

TXOTX eta on egin! (bis)

TXOTX!