2020-11-24
Txoriak gara kaiolan
Txoriak gara kaiolan –
Doinua: ETAren su etenetik.
Pertsonak beti omen du
Askatasuna senean,
Baina asko tresabira
Biltzen gara zuzenean.
Burua bertan jarrita
Nagusien esanean,
Goizeroko alpistea
Janez modu otzanean.
Sarritan ideia bera
Etortzen zait, azkenean,
Gure pentsamenduetan,
Aisialdian, lanean,
Txori txikiak garela
Kaiola baten barnean.
Homo Sapiens omen da
Biologian pertsona,
Hiztuna, ameslaria,
Pentsamendutan sakona.
Kate motzean jarriak
Gaude, hara eta hona,
Loturak hartu ditzake
Itxuraz hainbeste forma.
Kontsumoaren bidetik
Etortzen den zoriona,
Artaldearen babesa,
Ospea, itxura ona,
Ez da harrizkoa soilik
Eraiki diguten horma.
Erosketen plazeretik
Etortzen den endorfina,
Sare sozialen klik-etik
Gure lotsaren morfina,
Artaldeen bidaietan
Sortzen den atzerri-mina,
Interneteko ligetan
Datorren adrenalina,
Modaren parametroek
Eraikitako panpina,
Realiti-en ospean
Paperezko erregina,
Loturik mantendu gaitzan
Gure neurrira egina.
Langileek sorbaldetan
Duten prekarietatea,
Beltzean ordaintzen duten
Soldata baten partea,
Nagusiak esan dizu
“onartu ala atea”
Kontraturik gabe zaintzen
Dute Amatxo maitea.
Horrelakoetan zaila
Dugu libre izatea,
Banakoarentzat txarra,
Gizartearen kaltea,
Batzuetan nabarmena
Izaten dugu katea.
Graneleko alpistea
Gure bihotzen formola,
Garunaren motelgarri,
Mugitzen ez den odola.
Ekartzen digun tristura
Ezin badugu kontsola,
Ezina kanpora bota
Behar dugu hala-nola,
Sudurrean kokaina,
Ahotik behera alkohola,
Desfasa gaitezen guztiz,
Galdu dezagun kontrola,
Ordu batzuz ahazteko
Jarri diguten kaiola.
Ezin da munduan egon
Estatua baten eran,
Alpisteaz buiaturik
Belaki baten tankeran.
Kaiolak zuloak ditu,
Ez bada biltzen guregan,
Saia gaitezen ihesten
Lehendabiziko aukeran.
Nahiz norberak bildu behar
Duen zer jango, zer edan,
Nahiz erantzunik ez topa
Lehendabiziko galderan,
Gauza ederra da eta
Ikasi dezagun hegan.