2016-12-01
Txapelketatik kanpora
Txapelketatik kanpora
Doinua: Arratsalde on eta musu bat
1.Ez dut idatzi, inola ere,
epaileei esker txarrez
beraien lana baloratu nahiz
txalotu ohi dut indarrez.
Sei bertsolari oholtzan Markinan
nahi bezain erregular ez,
haietako bat seguru neukan
finalean, pozik, barrez…
Baina barrua inpotentziaz
amorruz lehertu beharrez,
berriro ere atera ginen
saio batetik negarrez.
2.Badakit noizbait ni neu izan naiz
oholtza gaineko laguna
saio batzutan zorigaiztoko,
besteetan zorteduna.
Nola gozatu garen guztia
erakusteko eguna?
Nola ordezkatu 14 bertsok
plazaz plazako jarduna?
Hausnarketa nahiz autokritika
da berez dagokiguna,
maiz txapelketak pisu bat dauka:
guk ematen dioguna.
3.Garrantzia asko eman diona
naizelako izango da…
Behera hain azkar egin daiteke
eta hain kostata gora.
Baina mundua ez da bukatzen
-erakusle da denbora-,
ate gehiago zabaltzen dira
espero gabe gerora
espektatibek, lehiak, puntuek…
ez gaitzatela hondora
bide berriak sortzeke daude
txapelketatik kanpora.