2019-12-05
TXAPELKETARI BURUZKO GALDERAK
TXAPELKETARI BURUZKO GALDERAK –
Batzuek jakingo duzuenez, aurtengo Gipuzkoako honekin, bukatu ditut nire txapelketetako ibiliak. Atzera begira, joan den mendean hasi nintzen (zein zaharra naizen!), 1998ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarekin, epaile lanak eginez; eta ondoren, bertsolari moduan, hainbat txapelketatan parte hartu dut. Baditut neure buruari egindako hainbat galdera, ez dut oraindik haientzat erantzunik topatu, eta hemen idaztera noa. Ea norbaitek erantzunik baduen, pozik jasoko ditut-eta zuen iritziak. Jakin, baina, bi kontu. Batetik, filosofiaren oinarria galdera egokia egitea dela, eta zuek ere zuen galderak egin ditzakezuela. Eta, bestetik, arrazoiaren paradoxa: denok zatitxo bat izan, eta osoa dugula uste dugu.
Denok onartzen badugu txapelketa ez dela bertsolaritzaren eredu naturala, zergatik ematen diogu hainbesteko garrantzia txapelketari?
Denok baldin badakigu bertsolaritza zenbaki bihurtzea ia ezinezko dela, zergatik ematen diogu hainbesteko pisua txapelketaren sailkapenari, eta ez entzun dugunari?
Zergatik zigortzen da hainbeste akatsa, eta gutxiago saritzen ideia jeniala?
Zergatik egoten gara bertsolari gehienak hain lotuak, hain urduri?
Zergatik abesten da askotan hain erritmo motelarekin?
Zer nahi du bertsolariak: entzulea pozik utzi ala puntu asko jaso?
Zer bilatzen du entzuleak: jolasaren dibertimendua edo sailkapenaren morboa?
Ba al dago bertsolari baten zale itsurik, hark txarrena eginda ere ona iruditzen zaiona?
Zergatik dira gai asko hain dramatikoak? Edo guk dramatizatzen ditugu?
Zergatik dute bakarkako gai askok hain kutsu ezkorra?
Zergatik ez dirudite bat-batekoak bakarkako bertsoaldi askok?
Bertsoaren baloraziorako eskala 0 eta 10 puntu artekoa bada, zergatik daude bertsorik gehienak 5 eta 7 punturen artean? Izan al da 9 puntu edo gehiago jaso duen bertsorik?
Zuen erantzunaren zain,