2024-01-17
Txapelketa, oasi bat desertuan
Txapelketa, oasi bat desertuan –
Askok ahazten hasia izango duzue baina modu batean edo bestean parte hartu genuenontzat, niretzat bai, behintzat, oraindik fresko xamar dago memorian, bi urtean behin ospatzen den eta iazko abenduaren 2an bukatu genuen Nafarroako Bertsolari Txapelketa.
Parte hartzaile adina bizitzeko modu ditu txapelketa batek, noski. Nik, kantuan parte hartzen dutenetako bat izaki, kolektibo horrengan jarriko dut begirada, bertsolariengan.
Nafarroako bertsogintzaren loraldiaz eta bertsolarien mailaz asko eta ongi hitz egin izan da txapelketa garaian eta finalaren ondorengo egunetan. Eta neurri batean ados nago, nola ez! Azken Txapelketa Nagusian Nafarroa Arenan kantuan izan zen Joanes Illarregi, eta Julio Soto ia-ia. Saioa Alkaizak ere maila ederra eman zuen finalaurrekoetan.
Azken Nafarroako Txapelketak ere utzi ditu onura aipagarriak. Batetik finala, gogoratzen ditudan guztietatik onena izan ez bada, onenetakoa. Bestalde, Xabat Illarregiren txapelketa osoa, Saats Karasatorre eta Sarai Robles finalean bertsotan ederki eginda agertu izana edo Josu Sanjurjok bere bertsokeran azken bi urteotan eman duen saltotxo hori. Eta finalera iritsi ez arren izan dira, azken boladan egindako lanaren erakusle, bidean oso gauza ederrak egin dituzten bertsolariak. Ekhiñe Zapiain, Eki Mateorena, Ekain Alegre, Idoia Granizo, Urko Gartzia… Poz handia eman dit hainbat gaztek 2021eko txapelketatik 2023kora denborarik galdu ez eta salto bat eman dutela ikusteak.
Baina ez ote da txapelketa oasi bat desertuan?
Esate baterako, Saats Karasatorrerentzat urteko bostgarren saioa izan zen abenduaren 2ko finala. Hau da, urte osoan jendaurreko 2 saio kantatuta oholtzaratu zen urriaren 21eko Leitzako final laurdenean. Oso esanguratsua iruditzen zaidan datu bat da. Eta, zoritxarrez, oso normala gure lurraldean. Esango nuke parte hartzen dugun bertsolarien hiru laurdenek ez duela urtean 15 saio baino gehiagotan kantatuko. Eta 10 saiora iristen ez direnak erdia edo izango dira.
Txapelketatik txapelketarako 2 urteak desertua dira bertsolari gehienentzat. Oso tarteka agertzen diren kantatzeko aukera horiek espejismo itxura hartzen dute. Batzuek astero astero elkartzeko bertso eskola dute, eta gaitzerdi!
Baditugu bi lan Nafarroan. Plaza berriak sortu eta bertan bertsolari nafarrei ahotsa ematea. Beste aukera plazak gugana etortzeko zain egotea da. Baina horrelakorik inoiz lortu duen bakarra Mahoma izeneko bat izan omen zen eta ez dakit ziur egia dela demostratu den.
Beraz, ezer egiten ez badugu, bi urte barru txapelketa berri bat etorriko da eta berriz jarri beharko ditugu ia armairutik atera gabe egondako eltzeak sutan. Erreta bukatzen dutenak oso gutxi izango direneko esperantzan.
Agian nik esatea ez dago ongi baina… Ez daukagu meritu makala!