Ainhoa Agirreazaldegi

Txapelketa aurreko uda

Txapelketa aurreko uda –

Sanjuanekin batera hasi da bertsolarien udako denboraldia. Hasi dute lan-denboraldi bizi-bizia, eta segi dute sanpedroetan, sanmartzialetan, santixabeletan… Eta etorriko dira sanferminak, madalenak, santioak, saninazioak, sanestebanak, sanrokeak, sanantolinak… eta horrela, irail amaieran sanmigelak iritsi arte.

Uda bete bertso, festa bete bertso. Eta bertsolariak hor ibiliko dira, bertso biziak, freskoak, umoretsuak, jolastiak, zirtolariak, adarjotzaileak… kantatuz nagusiki, eta ahal den guztietan jolas horri mamia ere erantsiz. Batzuetan nekatuko dira jolas arinegiez, eta eduki-egarriz amaituko dituzte saioak. Halakoetan, “hurrengo saioan ea kantagai sendoagoak jartzen dizkiguten” edo “ea hurrengoan pisu pixkat eransterik badudan bertso batzuei” bezalako pentsamenduekin hartuko dute kotxea etxerako bueltan.

Horraino ohiko bertso-uda bateko ibilerak. Baina aurtengoa ez da aurreko hiru urtetako uda bezalakoa izango. Ez, behintzat, udan saioz saio ibiliko diren bertsolari askorentzat. Aurtengoa txapelketa aurreko uda izango da. Eta horrek, bitan zatitzen du bertsolaria: festetako plaza bateko bertsoaren eta txapelketako bertsoaren arteko borroka sentitzen hasiko da bere baitan. Arintasuna vs. sendotasuna. Haizea harriaren kontra.

Bertsolariak, berez, bietatik –jolasetik eta mamitik– eman nahi badu ere bi eskenatoki horietan, egutegiaren arabera bietako bat nagusitzen baita. Urte osoan du bi joera horien arteko barne-borroka bertsolariak, baina txapelketa aurreko udan gaitzak indar handiagoz jotzen du.

Eta nago, jolas ederra dela bertsozalearentzat, bertsolariari begi-belarri horiekin jarraitzearena. Hasi jairik jai bertso-saioetara joaten, eta saiatu bertsolariaren burua festetako lanean edo –dagoeneko prestatzen hasia den– txapelketako lanean dagoen antzematen. Asmatu akaso ez du beti asmatuko, baina jarduera guztietan parte-hartze interaktiboa bilatzen den garaiotan, ariketa polita izan daiteke bertsozalea hartzaile izatetik aktibo izatera igarotzeko.

 

Txapelketa aurreko uda