Eneko Fernandez
Eneko Fernandez

2023-09-28

Txapelketa

Txapelketa


Doinua: Bertsuak jarri dizkat

 

1/ Sarritan egon arren

agenda beteta

Berak erakartzen du

jendean arreta

Berriro ate joka

dugu txapelketa

 

2/ Beraz ailegatu da

lehiaren garaia

Nafarroa batetik

bertzetik Bizkaia

gure burukomina

entzuleen nahia

 

3/ Nik behintzat gertukoa 

nahi nuke aipatu

Nafarroa osoa

baitu zeharkatu

Iruritan hasi ta

Iruñean bukatu

 

4/ Leitza, Agoitz, Altsasu

Uharte, Viana

Lesaka ahantzi gabe

zer nolako lana!

ta bertsoa lurralde 

osora darama

 

5/ Ta nahiz antolatzeak

badaukan zentzua

Lehiak izaten dira

zalantzen pentsua

Aurkiak beti dauka 

bere ifrentzua

 

6/ Data jakin orduko

akabo bakea

Lo ezin ongi egin,

antsietatea…

Hau da nik bizi dudan

errealitatea

 

7/ Atzera kontaketa

hasi da jadanik

Saioa nahiz ta ez den 

iritsi oraindik

Mamuak leku orotan 

ikusten ditut nik

 

8/ Aunitzentzat suertatu

liteke sinesgaitz

baina oholtzeratzean

pasatua zait maiz

beldurren kontainer bat

bilakatu ohi naiz

 

9/ Aurrekoetan ere

pasatua zena

ixilpean datorren

galdera ozena

Orduan zer ba eman

zenuen izena? 

 

10/ Ta ez dut erantzunik 

nahizta den arraro

bertsoa joaten da

logikaz harago

masokistak garela 

sinistuta nago

 

11/ Ta ez dago bueltarik

laster, final laurden

azaldu nahiko nuke

tinko bezain garden

ia bertatik bizirik 

ateratzen garen