Felix Zubia
Felix Zubia

2021-08-11

Txakurra

Txakurra –

Doinua: Txirrita hil dala

 

 

Lesakan bada gizon handi bat,

Bertsotan aritzen dena,

Pandemiaren gorabeherekin

Txakurra deitu nauena.

Ederki dakit zer den okerra

Eta zer dugun zuzena,

Zer dela eta jarri didate

Modu hortako izena?

 

Hil zaizkigunak lau milioi pasa

Zenbatu dira munduan,

Euskal Herrian ia sei mila

Begiratu inguruan.

Gauza bat daukat oraindik ere

Ezin sartuta buruan,

Zer dela eta ukatzen duten

Izan ez balitz moduan?

 

Zazpiehun kasu baino gehiago

Neure begiz ikusiak,

Heriotzaren bidez lezio

asko gara ikasiak.

Batzuk saihestu nahi nituzke nik,

Aholkuz adieraziak.

Zer dela eta jasotzen ditut

Holako hitz itsusiak?

 

 

Zenbaitek, baina, gertatuari

Egiten diote uko,

Konspirazio baten azpian

Gaituztela zapalduko.

Ideia latz bat bururatzen zait

Horiek entzun orduko,

Bost mila aldiz ukatu arren

Ez dela desagertuko.

 

Ez dakit zeinek asmatutako

Gezur bat omen da dena,

Txertoak berriz erdi-pozoia

Guztia galtzen duena.

Dudarik bada, ospitalera

Etor dadila hurrena,

Ikusi nahi ez duen hura

Da itsurik handiena.

 

Negazionista batzuek ere

Pneumoniaren harira,

ospitalera iritsi dira

Eta nahiko tira-bira.

Hasieran harro xamarrak baina,

Egia hutsa hori da,

Arnasa falta zaien unean

Ederki umiltzen dira.

 

Makina saltsa izan ditugu

Covid-aren inguruan,

Hautatu dugun bizimoduak

Jarri gaitu apuruan.

Ekonomian, garraioetan

Eta zaintzeko moduan,

Zoritxarrean zertan pentsatu

Asko daukagu munduan.

 

Nabaria da gauza guztiak

Ez direla ondo egin,

Agintariek, kazetariek,

Eta medikuok berdin.

Gertatu dena onartuz eta

Errepikatu ez dadin,

Burua martxan ipini eta

errespetuan hitz egin (bis). 

Txakurra