2022-07-13
Turistak
Turistak –
San Juanak pasata,
gutxi gorabehera (bis),
kanpotarren taldeak
hor datoz gurera.
Herriaren mesede
omen da gainera,
baina noren mesede
hori da galdera,
neurria ipintzea
agian hobe da (bis).
Kotxea ezin dugu
inon aparkatu (bis),
tabernetan tokia
ondo borrokatu.
Ezagunen batekin
ezin gurutzatu,
hamar behar lukeena
hamabi pagatu,
oraindik bentajarik
ez diot topatu (bis).
Etxe bat topatzeko
ze atarramentu (bis),
lehen denda txiki zena
gaur apartamentu.
Alokairu guztien
prezioak lehertu,
aurrez gogorra zena
gehiago okertu,
herriko gazte asko
ez dago kontentu (bis).
Zabaldu dizkigute
hogei surf eskola (bis),
lau diskoteka norbait
zaindari dagola.
Euskarazko izenek
ez dute axola,
garai bateko Zarautz,
pentsatuaz hola,
zenbait tokitan ezin
aurkitu inola (bis).
Industria guztiak
dauka kutsadura (bis),
turismoa lantzen da
industria modura.
Prezioak, bultzadak,
zarata, basura,
dendak, etxebizitzak,
kaleen itxura,
sosak dauden artean
ez digu ardura (bis).
Gauzak ez lehertzeko
garaian gaudela (bis),
neurria topatzea
lehen erregela.
Gu ere bidaiari
besteak bezela,
ez dezagun ahaztu,
akabo bestela,
une hortan gu ere
turistak garela (bis).