Ruben Sanchez
Ruben Sanchez

2025-01-14

Tuberkulu bat Bertsolari aldizkarian

Tuberkulu bat Bertsolari aldizkarian –

 
Bertsolari aldizkariko arduradun ezin finagoak deitu zidanean, pentsatu nuen ez zela prosa proposamena izango. Aitzakia bila hasi nintzen, beraz, proposamena bera entzun baino lehen, baina hain da pertsona saiatua eta fina… Badaki bertsolaritzaren ingurumarian barik, periferian, are mugako lurraldean nabilela aspaldi, nahiko outsider-a naizela dagoeneko eta, hala ere, deitzen dit. Bueno, bera ere periferian bizi da, ez da Aner Peritzek zioen gisako txuri, zis, gipuzkoar petoa. Eta batzuetan gure printzipioak ahazten zaizkigu eguerdiko 11:57an, eta baietz esan nion. Barkatu. A ha.
 
Baina telefonoa eskegitakoan, hau da, deia bukatu eta jolasean jarraitu nuenean, kezka etorri zitzaidan: Zertaz ostia idatzi behar dut nik. Ez dut asko jarraitzen gaurkotasun bertsolaristikoa, ez Arabakoa (etxe azpikoa, alegia), are gutxiago Euskal Herrikoa. Argitaratzeko moduko idatzizko hiru bertso egiteko, Alaia Martinek bat-batean baino 180 minutu gehiago emango nuke, eta okerragoak aterako litzaizkidake. A ha.
 
Orduan, pentsatu dut, bertsolaritzaz den bezanbatean (molatzen dit “bezanbatean” sartzeak) aporta nezakeen gauza bakarraz, hots, Arabako bertsolaritzaren historiaz/istorioez (ez oso gaur egungoez, tamalez) idaztea.
 
Beste egunen baterako utziko ditugu Ozaetako Santxa andere despetxetua, Juan Perez de Lazarraga jauntxo gonazalea edota Juan Bautista Gamizkoa arabar euskaldun akonplejatua.
 
Gatozen historia “garaikidera”. 
 
Bazen behin, Zazpigarren Alaba (espero ez den azken ume bat bezala) goitizena eman zioten lurralde bat, non 1980an ez zegoen bertsolari bat bera ere. Gezurra. Bat bazegoen. Bizkaitik Arabara lagun eta senide batzuekin batera errota batera etorritako Abel Enbeita. Baina ordurako ez zuen askorik kantatzen. Ez zegoen bertsolaririk, ez bertso-saiorik. Gezurra. Bertso saiorik egiten zen: Aramaixon, Arabako Suitza txikian. Baina zer nahi duzue esatea. Araban jende gehiena Gasteizen batzen da (adibidez ni) eta, orain Aramaixoko lagun eder askoak baditut ere, Gasteizko batentzat Arabako Suitza txikia Suitza bera baino ezezagunagoa da. Esaterako, nik Aramaixo ezagutzerako Suitzatik gutxienez ezagutzen nituen gurutze gorriko itxurako bandera, labana erabilera anitzekoak eta Milkako behi more pinttoa (baina txokolatea egiteko esne txuria ematen zuena).
 
Kolaborazio hauen bidez, nahiko nuke arnas puruagoa biriketaratzen duzuen euskaldunok bertsotan zergatik garen hain txarrak ulertzea. Eta, agian, egunen batean elkar maitatzea.
 
Gu hasi ginen gure burua maitatzen lurralde disidente gisa, baina ardo kostatu zaigu, eta erdi slexiko geratu gara. Horrek ere trabatu digu bertsogintza, edan gabe doa.
Tuberkulu bat Bertsolari aldizkarian