2024-06-13
Triste bizi naiz eta
Beste asko ere bai, nonbait. Bertsolariez ari naiz; txapelketa garaiaz, bereziki. Guraso izateak eta bertsolari txapelketak azaleratzen dizkie askori barru-barruko kezka, beldur eta zulo beltzak. Eta hori, jarrerara eta pentsamendura kutsatzen da; bertsotara. Apropos, hein batean.
Triste bizi naiz eta –
Gipuzkoa Bertsotan gertutik jarraitu ez dudan arren, baditut barruan zein aldamenean bizi izan duten lagunak. Lehengoan, orain arteko saioen dinamikaz, gaien nolakotasunaz, bertsolarien aldarteaz eta horrelakoez aritu ginen; betikoaz. Eta halako batean, bakarkako gai bat oinarri hartuta, susmoa eta pertzepzioari toki eginez, bertsolarien jarrera eta pentsamendua aztertzera egin genuen salto.
Ariketa bat proposatu nahi nuke edonorentzat, gure jarreraren eragina pentsamendura eta bertsora nola igarotzen den jabetzeko. Sailkapen faseko hiru bakarkako gai emango ditut jarraian eta norberak zeri kantatuko liokeen pentsa dezala:
- Apropos berandu iristea erabaki duzu.
- Urteetan lortu nahi izan duzun lanpostua lortu zenuen duela gutxi. Beste zerbait espero zenuen.
- Kosta zaie, baina lortu dute zu aulkian esertzea.
Hiru gaiek izan lezakete bertsoaldi positibo bat zein negatibo bat osatzeko aukera, norbere nahiaren eta ahalaren arabera. Seguru nago -ez naiz oraingoan intuizio hutsaz ari-, ordea, bertsoaldien % 80 “negatiboak” izan zirela. Tristeak.
Niri ere lehen kolpean, negatiboki konfiguratutako bertsolari pentsamenduak ez dizkit ideia argitsu eta itxaropentsuak eragin. Baztertu horiek eta segi bila, ahaztu gaiei erantsi nahi izaten diegun pisuaz, transzendentziaz, gaurkotasunaz…
Lehenengo gaia hartuta, esaterako, hona hemen lau bide lau bertsoaldi ontzeko; Bi “negatibo” eta bi “positibo”. Bat: Estresak jota lanera joan nahi izaten ez duen norbait izan zaitezke, bilera garrantzitsu bat zu gabe egin dezaten berandu iristea erabaki duena. Aipatu botere harremanak, kapitalismoa, buru osasuna…
Bi: Gurasotasunak gain hartuta dabilen norbait ere izan zaitezke, lanaldiaren ondoren taberna batera joatea erabaki duena bikoteak haurrak bainatu eta lokartzen dituenera arte etxera ez joateko. Aipatu gurasotasunaren idealizazioa, presio soziala, kontziliazioa…
Hiru: izan zaitezke lagunartean hilabetero egiten duzuen soziedadeko afarira berandu iristea erabaki duen norbait, kozinatzeko batere gogorik ez duela eta. Aipatu lagunarteak ematen duen arnasa, entsalada mistoa eta oilasko errea, berandu iristearren jarritako aitzakia brillantea… Eta bukatzeko, iritsi zarenerako dena janda zeukatela esan dezakezu gainera! Eta denen harrikoa zuk egin behar izan duzula kantatuz gero, jendea poltsikora!
Edo Lau: Hernanin parrandan gustura dabilenez azkeneko trenera berandu iristea erabaki duen gaztea, aitzakia hori gurasoei edo bikoteari edo bere buruari jarri eta parrandan jarraituko duela erabakita. Edo parrandan dabilen zaharra ere izan zaitezke. Eta kanta dezakezu gazte garaiko oroitzapenez edo sagardotegien prezioaz edo hurrengo eguneko familia bazkariaz.
Ni ere izan naiz txapelketa garaian gaiei eta bertsoaldiei pisua eransteko asmotan pentsamendu gris eta negatibotik kantatu duena. Borobilari ertzak bilatu dizkiona. Ziriari zotza eta zotzari zipotza sartu diona; eta hein batean, uste dut badela hori ere txapelketako oholtzara doazen bertsolarien ardura. Baina uste dut horretatik ateratzea ariketa interesgarri eta bertsolaritzaren aldekoa dela.
Ez da kasualitatea txapelketan zortziko handiko ofizio eder asko entzutea, baina ezta zortziko txiki kaxkar asko entzutea ere; ados nago testuinguruaren desegokitasuna aitortzearekin, aldarteak eragindako zurruntasuna aipatzearekin… baina uste dut bertsolarien jarrerak eta ondorioz, pentsamenduaren konfigurazioak ere eragiten duela hori.
Beraz, hona hemen etxerako lana udazkenean oholtzan kantari arituko diren bertsolarientzat: pentsamendu positiboaren lanketa. Badakit orain gehienak Triste bizi naiz eta kantatzetik gertuago egongo direla baina ez behintzat horregatik utzi lagunarteko afariak bazterrera eta galdu noizean behin etxera joateko azkeneko trena!