2024-02-15
Trebeki
Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera, hauxe da plazagizona: “jendaurrean eta jendartean askotan aritzen eta trebeki moldatzen den gizonezkoa”. Eta plazandrea: “jendaurrean edo jendartean askotan aritzen eta trebeki moldatzen den emakumezkoa”.
Trebeki –
Jendea, aritu eta trebeki. Plazandrea eta plazagizona gauza bera lirateke, beraz, generorik ez balego. Izan ere, generoan, generoarekin eta generotuta bizitzeak, praktikan, erabat aldatu digu definizioa. Ez dira berdin ikusi jendaurrean ondo moldatu izan diren andrak eta gizonak. Ez direla berdin epaitu idaztera nindoan, baina uste dut hortxe dagoela gakoetako bat: plazagizona apenas epaitu dela bere jardunagatik izan ez bada, eta plazandreari dena epaitu zaiola. Badakit gizon arruntetik plazagizonerako bidea ere ez dela erraza, baina emakumeek zalantzan jartze etengabekoa bizi izan dugu hanka bat korroaren erdian ipini dugunerako.
“Ez al zenuten bertsolari izan nahi, bada?”, galdetzen digute lerro artean gure gizon lagunek zerbaiten kexa azaltzen dugun aldiro. “Hauxe da plaza”. Bai, hauxe da plaza: bere plazer eta desplazer guztiekin ere, bizitzeko leku ederra. Zer gura duzue esatea? Nahiko genuke guk gurea ere izatea plaza, gizonena izan den moduan. Hala izan behar duenik galdetu gabe, guztiontzako lekua behar dugula onartuz.
Nahiko genuke guri ere txalo erraz jotzea gure ustez grazia egiten duten gauzak kantatzen ditugunean, edo ustez gureak bakarrik izan arren, gutxienez futbola bezain unibersalak diren gauzez kantatzen dugunean. Plazara jantzita nola goazen baino, plazan zer egiten dugun epaitu dezaten nahiko genuke. Gure umeez galdetzen digutenean ez dadila gure amaontasunaren mesfidantzatik izan. Gure sexualitateaz ari direnean ez dezatela ahaztu han gaudela, entzun egiten dugula gutaz diotena. Gure gorputzez ari direnean ez ditzatela zapaldu. Gure bertsoez ari direnean ez daitezela emakume bertsolariak aztertzen ibili, bertsolariak aztertzen baizik. Ez diezagutela martxoan bakarrik deitu. Ez diezagutela gaizki begiratu asko edaten dugulako edo barre ozen egiten dugulako edo barrerik egiteko gogorik ez dugulako edo ez dugulako gauez kantatu nahi edo eroso sentitzen ez garen gai hori zein den azaldu egiten dugulako. Ez gaitzatela beti hartu jai ureztatzailetzat: guri ere festa gustatzen zaigu. Festa: guztiok ondo pasatzen dugun lekua, eta ez bakarrik hegemonikoek.
Plazandreak izan nahi dugu: eta bagara. Publikoaren aurrean etengabe aritzeak daukan desgastea onartzen dugu, baina gainkargak kentzeko garaia da. Badakigu trebeki moldatzen jendaurrean Euskaltzaindiaren Hiztegiak dioen moduan. Beraz, utz diezaiogun trebeki moldatzea bertso hutsetik harantzago izan behar dena zer den definitzeari. Plazandre edo gizon ez gaitu egiten guztiari baietz esateak, beti egin diren gauzak egiteak, publikoarekin ados egoteak, beti prest egoteak, dagoena onartzeak, denek edaten dutena edateak, gauza guztiei buruz hitz egiteko gaitasuna izateak, etxera azkena joateak, denek esaten dutena esateak, txapelketara joateak edo ez joateak, jende guztiarentzat atseginak diren gauzak egiteak. Jenderekin, jendartean, jendaurrean eta jendetasunez trebeki zein ez hain trebeki moldatzeko modu asko daude. Eta modu guzti horietan egin daiteke bertsotan. Ondo egin ere, gainera.