Felix Zubia
Felix Zubia

2021-05-14

Tatuajea

Tatuajea –

Doinua: Pello Joxepe

 

 

Modan daudenez, une batean,

Halaxe nuen pentsatu,

Gorputz atal bat hautatu eta

Zergatik ez tatuatu?

Baina zer jarri, horra zalantza,

Ezin burutik uxatu,

Ez bainuke nahi modaren bila

Pena ematen bukatu.

 

Tribal antzeko tatuajeak

Ikusi ditut kalean,

Marrak irudi bilakatuaz

Gorputz atal zabalean.

Utzi, ez baita asko komeni,

Nire uste apalean,

Geometria ariketa bat

Norberaren azalean.

 

Arabiar hizkiz, txinatarrekin,

A zer itxura polita,

Seme-alaben izena jarri

Besagainetik hasita,

Ai, zer zalantza etorri zaidan

Gaizki pentsatzen jarrita,

“Inuxentea” idazten badit

Eta ondo merezita.

 

Igual tigre bat egin nezake

Nire sorbalda gainean,

Izan nahi nukeen basapiztia

Eramateko soinean,

Ez zait gehiegi gustatu hori,

Zergatik hasi lanean,

Katakumea bakarrik banaiz

Bizitzaren oihanean.

 

Ipurgainean txori txiki bat

Bere hegoak zabalik,

Azal dadila pauso artean

Sexy mugitzean soilik,

Horretarako gorputzik ez dut

Onar dezadan apalik,

Ez da zahartu eta hobetu

Litekeen gorputz atalik.

 

Aukera denak baztertu ditut,

Denek dute zerbait txarra,

Edo gorputza ez da onena,

Daukat ajatu xamarra.

Tatuajerik ez dut egingo,

Daukat aitortu beharra,

Txertoarena dugu jasoko

Dudan orratza bakarra.

Tatuajea