2022-06-14
Sukaldariak
Sukaldariak –
Doinua: frantses euskaldun bat
Mahaian ez daukat failo handirik,
gustukoa dut jatea,
baina gaurkoan beste aldera
egingo dut atakea.
Euskaldunontzat maila gorena,
zientzia eta artea,
sukaldaritza gehitxo dugula
ba al dago esatea?
Argiñano zen lehendabiziko
etorri zena etxera,
batzutan pozik ikusten dut nik,
garbi noa esatera.
Graziaz eta modu onean
osatzen baitu platera,
kopiak sartu ziren unean
hasi zitzaigun gainbehera.
Onddoen gisan ugaldu ziren
sukaldari txapeldunak,
amerikarrak, espainiarrak,
eta noski, euskaldunak.
Egunkaritan, lehiaketetan,
dauden guztiahaldunak,
saltsan guztien perrexil ere
bihurtu dira lagunak.
Izarraitzeko haize hoztua,
krabelinezko souflean,
erromeroaz atomizatuz
patata beltzen gainean.
Txirrita zaharraz akordatzen naiz
hori letzen dedanean,
ofrezimendu luzea baina
errezo motza azkenean.
Borobiltzeko eraiki zuten
Basque Coulinary Center-a,
berrikuntzaren, ikerketaren,
munduko toki liderra.
Goi mailako graduak eta,
garapenaren masterra,
zientzia itxuraz kamuflatzeko
a zer hitz pila ederra.
Euskal Herria bihurtu zaigu
sukaldarien herria,
mundu hobe bat sortuko duen
lehendabiziko harria.
Nahiago nuke izango balitz,
esango nuke egia,
gure gazteek iker dezaten
hauek daukaten erdia.