Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2024-10-09

Sua falta zaigu

Sua falta zaigu –

Su txiki bat aipatzen zuen Asier Azpirozek bere makarrizketan, eta noizbait su bizi izandako horren kedarrei puzka hasi naiz, ea goritzen ikus nitzakeen. Niri ez zitzaidan, hari bezala su hori begien aurrean agertu, ez nuelako ikusten jakin ikastetxean eskura jarri zidaten arte: bertso eskolak jasotzen hasi ginen bi astez behin euskararen orduan. Distira bat antzeman nion, piztu ninduen, eta bertso eskolan eman nuen izena.

Han piztu zitzaidan sua, baina ez bat-bateko txinparta bidez, baizik igurtziz eta igurtziz soilik pila daitekeen bero horri esker. Lagunarte hura da gaur arte bidelagun dudana, zabaltzen eta adar berriak hazten joan zaizkion bide honen erroa. Horiekin ezagutu dut nik, Azpirozek aipatzen duen lagunarteko jolas atmosfera hori, parranda osoak elkarri belarrira kantuz egiteko beste.

Gozamen eta epeltasun tarte luzeak partekatu ditugu elkarrekin eta gerora ezagututako beste zenbait lagun eta kiderekin, halakok besteari behin emandako erantzuna gogora ekarriz, elkarri zirika, tentaldiei erantzuten eta elkar sorbaldatik helduta buruz genekizkien bertsoaldiak gogoratzen…

Giro hura herriarekin eta zaleekin elkarbanatzeko gogotik antolatu ginen, baita su haren epelera jendetza bildu ere. Elkartu eta kantatu. Antolatu eta elkartu. Antolatu eta kantatu. Elkartu. Antolatu. Antolatu. Antolatu. Eta gogoeta. Eta hotzaz jabetzea.

Bertso eskoletan guri su hori eskaini ziguten horien ostean gu, eta atzetik inor ez zetorrela ohartzea. Hausnartzea, antolatzea. Ekitea. Mugimenduan jartzea, zotz lehorrak pilatu eta igurtzi eta igurtzi hastea, kantuan lehen ke zantzuei putz egitea…

Gaur egun, berogailu zentralizatua antolatzeko gai izan garela sentitzen dut, bermatu dugula urte batzuetan epeltasun horrek iraungo duela. Baina bileretan lagunei begiratzen diet, eta ez naiz gogoratzen azkena noiz kantatu genuen elkarrekin gai jartzaile batek edo antolatzaile batek agindu gabe. Ez dakit noiz bukatu zen; eta orain, txapelketak ilusioa pizten du, berriz elkartu eta kantatzea esan nahi duelako, neurri batean.

Ze bitartean, bilera aurretik edo ostean elkarri kantatuko diogu halakok lehengoan bota zuen azken puntua, eta distira hori piztuko diogu elkarri begietan. Hor dago. Eta su horren bueltan elkartzen gara gaur oraindik. Gazteei hori guztia eskaini nahi diegu, opa diegu topa edo eraiki dezaten. Eta akaso, guk ere, sua zaintzen ordez suaren bueltan dantzan emango genieke su horri egurra botatzeko ardura.

Sua falta zaigu
Arg: Rawpixel

 

Sua falta zaigu